Bergarako Sorturen Kontseilua aurkeztu zuen atzo, Telesforo Monzon plazan. Ez zen kasualitatea izan ekitaldirako leku hori aukeratu izana, izan ere, zapatuan 32 urte bete ziren Bergarako politikari eta kultura sortzailea hil zela eta kontseiluaren aurkezpena aprobetxatu zuten hari omenaldia egiteko.
Hain zuzen, Monzonen omenaldiarekin hasi zuten ekitaldia. Txalaparta doinuekin batera, aurreskua eta lore eskaintza egin zioten Monzonen irudiari, eta haren hitzak entzuteko aukera ere egon zen. Omenaldiari amaiera emateko, Monzonek berak sortutako Kalera, kalera abesti ezaguna abestu zuten bertaratutako guztiek.
15 lagunek osatzen dute
Omenaldiaren ostean aurkeztu zuten Sorturen Bergarako Kontseilua. Honako 15 hauek osatzen dute: Ibai Redondo, Unai Aranzabal. Maren Belastegi, Leire Iruin, Iñigo Arregi, Iñigo Barruso, Iñigo Lete, Maite Aristegi, Aitziber Plazaola, Juan Manuel Minguez, Enara Minguez, Amagoia Aristegi, Jose Ramon Etxeberria, Jolanda Juaristi eta Aitor Arantzabal.
Ibai Redondo izango da koordinatzailea eta berak eman zituen azalpenak atzokoan. Monzonendako ez ezik, "belaunaldiz belaunaldi herrigintzan, udalgintzan, isilean herri honen alde dena eman duzuenondako" esker hitzak izan zituen lehenik, Sorturen Bergarako Kontseiluaren izenean. Hala ere, Euskal Herria bizirik badago, "nazioartean lagun ugari izan dituelako" ere badela gehitu zuen eta Hugo Chavez ekarri zuen gogora, "agur eta ohore Hugo Chavez komandante iraultzaileari", esanez.
"Sortu gara"
Sortu, "Bergarako abertzale eta ezkertiar guztien bilgune izateko" sortu dela esan zuen eta "Euskal Estatu Sozialista helburu" dutela. Kapitalismoa humanizatzeko barik, "herritarrak etxe gabe geratzera, miseriara kondenatzen dituen kapitalismoa errotik eraldatzeko" sortu dela Sortu. Eta euren alternatiba "ekonomia herritarren zerbitzura jartzea, euskal sozialismoa eraikitzea" dela ere azaldu zuen.
Nazio eraikuntzan eta eraldaketa sozialean aurrera pausuak emateko "gaur atzo baino hobeto kokatuta gauden arren, etorkizun hobea lortzeko lan eta borroka asko egiteko" dagoela azpimarratu zuen, "herritarrekin, eragile sozial, sindikal eta alderdi politikoekin indarrak batuz, kapitalismoa eta estatuen zapalkuntzaren aurrean desobedituz". Zentzu horretan, mezu argia bidali zioten EAJri: "Prest gaude zuekin elkarlanean herri hau independentziara eramateko, baina ez bere etorkizuna hipotekatzeko. Noiz arte jarraitu behar duzue eskubide sozialak murrizten, herritarrak euren etxeetatik botatzen eta ingurumena eta ekonomia AHT bezalako obra faraonikoekin hipotekatzen?"
Azkenik, "preso eta iheslariak etxera ekartzea urgentziazko betebeharra" dela esanez amaitu zuen Ibai Redondok bere interbentzioa.