Aurreiritziak eta elkar ez ezagutzeak sortzen dituen beldurrekin amaitzeko festa izan zen Haurralde fundazioak eta Ndank-Ndank (poliki-poliki) elkarteek antolatutakoa. Haurraldek badaramatza urteak honelako topaketak egiten eta Ndank-Ndank elkartekoen prestutasuna eskertu zuten.
Bi elkarteei esker Afrika zabaldu II: Afrikaren sormen gaitasuna ekitaldi ibiltariak Bergaran egindako geldialdia oparoa izan zen. Goizean, Irizar Jauregian Berlinalen saritutako Madame Brouette filma ikusteko aukera izan zuten, eta ondoren Moussa Sene Absa, luzemetraiaren zuzendariarekin solasaldia egin zuten. Eguna borobiltzeko Biko tabernan Senegaleko jakiak dastatu zituzten. Jatorria gutxieneko kontua zen, mahaiaren bueltan guztiak ziren berdinak eta ondoren izandako musika erakustaldian ere antzerako zerbait gertatu zen. Afrikar, zein euskaldun, guztiak animatu diren danborren hotsen erritmora dantzan egitera. Parte-hartzaileek aipatu zuten moduan, "elkar ezagutzen garenean ez gara horren ezberdinak".