Bergarako kirol zerbitzuak aholkularitza eskainiko die herritarrei

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko martxoaren 8a

Udalak herritarren artean jarduera fisikoa eta bizitza estilo osasuntsuak sustatzeko hainbat ekimen bultzatzen dihardu, hauetariko asko, Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntzaz. Azken batean, Udaleko kirol zerbitzuaren helburua da herritar aktiboen kopurua handitzea.

Ariketa fisikoa egitea edota aire libreaz inguru naturaletan gozatzea bezalako jarduerek eragin esanguratsua daukate pertsonen osasunarengan. Udalek, beren aldetik, funtsezko eskumenak dauzkate zuzenean herritarren osasunarengan eragiten duten hainbat faktore baldintzatzen dituztenak, hala nola, ongizate zerbitzuen eskaintza, kirol zerbitzuak edota hiri-planeamendua bera.

Ia 4.000 bazkide

Gaur egun Bergaran, 3.814 bazkide ditugu Kirol Zerbitzuan, hauetako 996k ikastaroetan parte hartzen dute; 404 haurrek eskola kiroleko programan dihardute; eta 1.200 kirolari federatu inguru daude. Herritar asko, gainera, oinez, korrika edota bizikletaz, sarri aritzen dira. Baina oraindik ere herritar sedentario larregi dagoela uste dute Kirol zerbitzuan.

Bergarako Udalak, herrian jarduera fisikoa, osasuna edota kirolarekin zerikusirik duten eragile guztiei, erronka hau planteatu nahi die: Herritar aktiboen kopurua handitzea.

Sedentarismoari aurrea hartu

Bergararren artean bizitza estilo osasuntsuak sustatzeko eta sedentarismoaren aurka egiteko 2012an, Eusko Jaurlaritzaren Osasun  Sailean diru laguntza eskaera aurkeztu zuen Bergarako Udalak, eta baita 6000 euroko laguntza jaso ere.

Bergaran jarduera fisikoa sustatzeko martxan jarriko dituzten zerbitzuak hauek dira:

  • Herritar guztientzako doako saioak izango dira aholkuak, orientazioa eta herrian dauden aukeren berri emateko.
  • Bergaran oinez egiteko ibilbideak esku orri batean jaso ditugu.
  • Bergarako gerriko berdea osatu da, herritarren gozamenerako espazio bihurtuta.
  • Erretiratu edota goi artean “kedadak” antolatu dira martxo eta apirilean zehar ibilbideak elkarrekin egiteko

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak