Emakumeen eta gizonen arteko denbora banaketa desberdindua zure tesiaren ildoa eta hitzaldiaren oinarria izan da, nolatan jorratzen duzu gai hau?
Kasualitatez jorratzen hasi nintzen gaia da, zerbaitetarako balio duen zerbait egin nahi nuen, hala denboraren banaketa era desberdinean nola ematen den aztertzen hasi nintzen. Denboraren esanahia zein den aztertzen da helburua, eta nik proposatzen dut etxeko lana eta zaintza lanaren dohaintza denboraren begiradatik aztertzea.Berdintasunezko gizarte batean bizi garela uste dugu, baina datuek ez dute hori esaten.
Zaintza lana eta lanaren inguruko mitoak daude oraindik ere?
Bai, hala da, eta hori izan da nire helburua, etxeko lana eta zaintza lanaren inguruko mitoa deseraikitzea. Askotan esaten dugu zaintza lana eta etxeko lanak maitasunez eginiko lanak direla emakumeok hobeto egiten dugulako emakumeak garelako eta horrek ez du zertan horrela izan behar.
Berdintasunera iristeko zein pausu eman behar dira zure aburuz?
Lehenengo ezberdintasunetaz kontzientzia hartu eta gero, nik uste, papel garrantzitsu bat jokatu behar dugula guztiok, bai banakook gure egunerokotasunean etxean, lanean... baita gizarte mugimenduek beraien praktiketan... gizarteak pausuak eman beharko ditu, baina lan-merkatuan ere aldaketak eman beharko dira, izan ere gaur egun lan-merkatuak dituen eskaerekin ezinezkoa da etxeko lana eta zaintza lana era ekitatiboan ematea.
Hainbat herritan hitzaldiak ematen zabiltza, zein da herritarren jarrera?
Oso positiboa, gehienetan gainera hitzalditara etortzen direnak emakumeak dira eta ikusten dute beraiek egiten duten horrek badaukala lekua unibertsitatean. Askotan harritu egiten dira ezberdintasun hain nabarmenak oraindik ere nola bizi irauten duten ikustean.
Mezu bat bidaltzerik nahi?
Berdintasunaren aldeko borroka ez da egun bakar bateko kontua, gaur egun sinbolikoa da eta beharrezkoa da kalera ateratzea, baina egunerokoan egin behar dira berdintasunaren aldeko apustu txikiak.