Prentsaurrekoa eskaini zuten atzo unibertsitateak Bergaran duen egoitzan. Hiru irakaslek hartu zuten hitza, egoeraz eta hartu behar izan duten erabakiaz berba egiteko: Zuzenbideko irakasle Iñaki Madariagak, Historiako irakasle Alberto Santanak eta Filosofiako irakasle Juan Antonio Talledok.
"Oso egoera larria bizi du Bergarako UNEDek. Ez dugu arrakastaz amaituko ikasturtea, murrizketak direla eta. Horregatik, erabaki hau hartzera behartuta sentitu gara, eskolak doan emango ditugu, eta ikasleek beraien ikasketekin jarraitu ahal izango dute". Egoera larria, baita hezkuntzan erreferente den zentro batentzako. "Egia da Bergarako UNED, izen horrekin 1976an sortu zela. Baina askoz lehenagokoa da proiektua, izan ere, Oñatiko Unibertsitatean sortu zen eta ondorioz, 500 urte inguruko hezkuntza tradizioa desagertzear dago. Denok galtzen dugu egoera zailarekin".
Irakastea da beraien helburua, eta argi utzi gura izan zuten beraien lehentasuna. "Ez dugu soldata-aldarrikapena egiten, ezta gutxiago ere. Ohituta gaude gutxi kobratzera, eta gainera, poliki-poliiki urtero murrizketak izan ditugu, eta guk hor jarraitu dugu. Baina egoera mugaraino iritsi da. Ikasturtea amaitu bitartean musutruk lan egiteko prest gaude. Eta egoera aldatu ezean, datorren ikasturtean, zer gertatuko da? Ideia originalak topatu beharko ditugu..."
Ametsak betetzeko tresna
"25 urte baino gehiago dituztenei beraien ametsak betetzeko aukera ematen die UNEDek, eta Bergaran, egun ikasle asko eta asko ari dira horretan. Proiektu honi eginiko azken murrizketek, ametsak zapuzten dituzte".
Izan ere, 2.300 ikasle baino gehiago ditu UNEDek momentu honetan, gehienak, hezkuntza arautuan. "Gure unibertsitate hau etxe bat da, proiektua konpartitzen duten ikasle eta irakasleekin osatutakoa. Klase presentzialak eskaintzeak harreman sare garrantzitsua sortzen du. Alde batetik, ikasleek beraien artean osatzen dutena, eta bestetik, irakaslearekin mantentzen dutena. Irakasleok ez gara tutore hutsak, ikaslearentzako sostengua gara, lagundu eta babesten dugunak".
Jasotako babesa
Eta babesa aipatuta, gogorazi dute, alderdi ezberdinetatik jaso dutena. "Hasi patronatutik, eta alderdi politiko ezberdinetara. Martin Garitano patronatuko presidentea da, bergararra eta gure ikasle ohia. Konprometituta dago egoerarekin".
Gipuzkoako Foru Aldundiak prentsa ohar bidez eman du jakitera, ahalegin guztia egingo duela laguntzen murriketeren eraginez Bergarako UNEDek eskaintzan dituen tutoretzak erdira ekarri ez ditzan. Hala, "Gobernu honek hezkuntzaren eskuduntza osoa duen Eusko Jaurlaritzari inplikazioa eixjitzen dio UNEDek erreferentziazko zentrua izaten jarrai dezan Gipuzkoan". Era berean, Aldundiak ukatu egin du inongo erantzukizunik daukanik tutoretzak erdira murrizteko hartu den erabakian. "Neurri hau ez da Patronatuan onartua izan, beraz, UNEDeko zuzendaritzari eskatzen zaio hartutako erabakia berriz hausnar dezala". Oharrean jasota geratzen denez, agindu egiten du UNEDeko aurtengo aurrekontuetan aurreikuista zeuden 340.000 euroko laguntzara iristeko. "Ezin da ahaztu Eusko Jaurlaritza dela hezkuntzako eskuduntza osoa beregain duena, eta ez duela inongo erantzukizunik hartzen UNEDekiko".
Era berean, Gipuzkoako EAJk ere ohar bidez elkartasuna adierazi du unibertsitateak bizi duen egoerari, eta era berean, "Bilduren murrizketek Bergarako UNED Unibertsitatea arriskuan jarri dutela" salatu du. Bertan, Aintzane Oiarbidek Martin Garitano UNEDeko presidenteari leporatu dio "egindako murrizketen ondorioz, Bergarako UNED arriskuan jarri" duela. "Foru Aldundiak 2012an 400.658 uro eman zizkion eta 2013ko aurrekontuan aldiz, 290.000". Prentsa oharrean adierazi dute ia 500 urte dituela Bergarako UNEDek eta "Euskadiko goi hezkuntzaren sorlekua izan da" eta proiektuak ezin dira baztertu, balio estrategikoa dute krisi garaian" adierazi dute. EAJk adierazi du ekimena egin duela Foru Aldundiak iritziz aldatu eta 140.000 euroak eman diezazkion.
Bestalde, Gipuzkoako PSE-EEk beste ohar bat kaleratu du, non EAJ kritikatzen duen alderdi horrek Bizkaian UNEDekin egin duena Gipuzkoan salatzeagatik. Hala, Gipuzkoako sozialisten batzarkideak "EAJk lotsa gutxi duela baieztatzen du, Portugaleteko UNED defendatu eta mantentzeko lanean Bizkaiko udal sozialistak bakarrik utzi izanagatik". Eneko Anduezak koherentzia eskatu dio EAJri oharrean, eta Portugaleteko unibertsitateari ematen zitzaion laguntza berreskuratzea eskatu dio."Akaso EAJk Bizkaian eginiko murrizketek ez dute Portugaleteko UNED arriskuan ipintzen?". Gainera, oharrean jasotzen da krisia murrizketarik gabe kudeatu daitekeela. "Garestiena ez da hezkuntzan inbertitzea. Hezkuntza etorkizunean inbertitzea da, ezjakintasuna da herri batentzako garestiena.