Bergarako UNEDeko irakasle-tutore taldeak "ikasleen aurrera-pausoak bermatuko" ditu

Goiatz Arana Begiristain 2013ko martxoaren 6a

140.000 euro gutxiago jasoko ditu Bergarako UNEDek aurten, eta irakasle-tutore taldea kexu da horren ondorioz %45 ordu lektibo eta tutoretza kopuru gutxiago izango dituztelako. Hori horrela, zuzendaritzak bertan behera utzitako eskola orduak doan emango dituzte, "lehenengo eta behin, eta ikasturtea amaitu bitartean, aurtengo ikasleen aurreratze pausuak bermatu behar direlako".

Bergarako UNEDek, 1976an sortu zenetik, tutoretzak eta kalitatea bermatu izan ditu. Horrez gain, ikasle zein ikasle ohiak artatzeko modu ezin hobea izan da. Baina zuzendaritzak "kolokan" jarri du hezkuntza eredu hori, irakasle-tutore taldeak dioenez: "Lau hilabetetako tutoretza kopurua nabarmen murriztu du (erdira), eta kaltetuenak ikasleak izango dira, kurtsoa galduz edo ikasketak bere horretan lagaz".

Lan-tresna "urriak"

Talde horretatik bertatik diote euren eredua, beste guztiak bezala, hobetu daitekeela baina, helburu hori lortzeko teknologia berrietan prestatzen ari diren arren, ez dutela gradu guztietako eskariari aurre egiteko adina: "Teknologia berrietan, IKTetan, gaitasuna lortzen ari gara, baina gauzatzeko beharrezko hornidura behar dugu, hau da, wi-fi eremua, arbel digitalak, ordenagailuak, kanoiak… eta, gezurra badirudi ere, eraikuntzan hainbat berritze lan burutu eta gero (azkenekoak duela hiru bat urte, 1.200.000euro) gradu guztietako eskariari aurre egiteko adina ez daukagu. Ez dugu bide hori, momentuz, aproposa ikusten, hornidura eta lan tresnak urriak direlako". 

"Zuzendaritzak lagatako hutsunea betetzera"

Horren guztiaren aurrean, Bergarako irakasleek "ahul eta kaltetuenak babestu" nahi dituzte: ikasleak. "Izan ere, eskaintzen ziren zerbitzuak kontratatu, matrikula bete eta orain ertainera murrizten dituzte; beraz, argi ikusten dugu ordaindu dutena eta jasoko dutena ez datozela bat. Hori iruzur hutsa da".

"Hau ez da lan edo diru eskaera; guk –irakasleok– uste dugu zuzendaritzak laga duen hutsunea bete behar dugula", diote. Ondorioz, "japoniar erara" protestatuko dute, zuzendaritzak bertan behera utzi dituen klase orduak euren kontura eta era altruistan emanez: "Lehenengo eta behin, aurtengo ikasleen aurrera-pausoak bermatu behar dira, kurtsoa amaitu arte, zuzenean edo zehar lerroak erabiliz".

Bergarako UNEDeko irakasle-tutore taldearen ustez, gainera, ikasleak ez-ezik Gipuzkoa bera ere kaltetua izango da: "Krisialdi egoeran, jendearen formazioa hobetzeko bitarteko merke, bakarra eta balore handikoa da Bergarako UNED eta honelako murrizketak onartzen baditugu, seguruenik, galdutakoa inoiz ez dugu berreskuratuko".

Diputazioan beste bide batzuk jorratzeko proposamena

"Orain arte Kultura arlotik ailegatu bada finantziazio zatirik handiena, agian momentu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren beste departamentu batetik etorri beharko da; Enplegu eta Formaziorako partidaren zati txiki-txiki batekin, esate baterako, posible izango litzateke hemendik kurtso bukaerarainoko egoera konpontzea", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak