Topikoetatik urrun sartu zinen politikan. Gaztea, herrira iritsi berria…
Beno… Nik ez nuke horrenbeste esango. Bergarar batekin ezkondu eta hona etorri ostean bururatu zitzaidan politikan murgiltzea. EAJko kide egin ostean eskaini zidaten zinegotzi izatea eta gonbita onartu nuen. Egia esan, aukera ona iruditu zitzaidan: batetik, herria hobeto ezagutzeko aukera izango nuelako; eta bestetik, ezagutzen ez nuen arlo bat kudeatzeko erronka interesgarria zirudielako. Oso mutil aktiboa nahiz eta horregatik sartu nintzen politikan.
Hortaz, zure ustez, politika jasotakoa erakutsi eta gauza berriak ikasteko toki aproposa da.
Halaxe da, bai. Enpresa ikasketetan kudeaketari buruz asko jaso nuen eta ingurumenean interesa eduki arren ez nuen alor hori gehiegi ezagutzen. Gauzak honela, elkartruke on bat izan zela uste dut, gestioaz nekiena martxan jartzeko aukera izateaz gain, ingurumenaz asko ikasi nuelako. Politikak herritarrekin, erakundeekin... hartu-eman handiago bat izateko aukera ematen dizu. Nire kasuan, herrian integratzen lagundu zidan. Dena den, zinegotzi lana onartzean lana izaten duzu buruan, ez aberats egitea.
Zu zinegotzi zinenean ingurumena ez zen arlorik garrantzitsuena.
Nire ustez, Bergaran beti izan da gai xume bat. Hirigintza bezalako arloei garrantzi gehiago eman zaie. Adibide gisa, gogoan daukat Hirigintza eta Ingurumen komisioak ordu berean izaten zirela, nahiz eta bi esparruek zerikusi handia izan. Une hartan ez geneukan tekniko espeifiko bat, eta horrek gauzak zailtzen zituen. Hala ere, horrekin guztiarekin eta aurrekontu txikia genuela kontuan izanik ere, helburu gehientsuenak betetzea lortu genuela esango nuke.
Zure ustez, non dago zuk egindako lanen aztarna?
Garai hartan, agenda lokala martxan jartzea lan handia izan zen. Ez zegoen ezer eginda eta Bergarako Agenda 21a martxan jartzea ez zen erronka txikia izan. Agenda horri esker, hurrengo urteetan egin genituen proiektuen ildo nagusiak finkatzeko aukera izan genuen. Horrez gainera, komisio bakoitzak bere lana egiten zuen eta, ingurumentik elkartruke handiago bat behar zenez, komisioen arteko esparru komunak ere sortu genituen. Hala ere, Agenda 21a martxan jarri izana azpimarratuko nuke.
Zergatik hori?
Agenda 21ek, hiru eremuren bitartez, udal baten lan esparru guztia jorratzen duelako. Agenda bat baino, filosofia bat dela esango nuke. Horri esker, Udalaren arlo ekonomikoa, soziala eta ingurumenarena hobeto kudeatzen ikasi genuen.
Ingurumena zaborrarekin lotzen dugu, baina arlo zabalagoa da.
Egia esateko, zaborra Mankomunitatetik era zentralizatu batean kudeatzen zenez, beste proiektu batzuei heldu genien. Bergarako zarata mapa, flora eta fauna berreskuratzeko ekimenak, eguzki plakak jarri genituen zenbait eraikin publikotan...
Guztia egiteko dagoen arlo batean nondik hasi?
Zenbait proposamen eta proiektu Udaletik bertatik irteten ziren, baina nire kasuan, Mendia Bizirik taldearen laguntza izan nuen. Oso elkarlan aberasgarria izan zen eta horri esker proiektu egokiak gauzatzea lortu genuela esango nuke.
Ea bustitzen zaren. Atez atekoari buruz zein iritzi duzu?
Ez naiz bustiko. Argi dago erakunde guztiak zaborra murrizteko ahaleginak egiten ari direla, baina gakoa sisteman dago. Zein da onena? Ez dakit, garrantzitsuena herritarrei entzutea da.