Nolatan hasi zenuten Behi Bi Blues?
Bion arteko harremana Bergaran jo genuen kontzertu batean hasi zen. Ikasle Abertzalekoek kontzertu bat antolatu zuten eta bertara gutako bakoitzak proiektu ezberdin batekin jo zuen, nik [Azkaiter Pelox] Kapeldunak taldearekin jo nuen, Emon taldeko Ekaitz eta Aritzekin batera; eta Gaizkak, ZZ Blues Band taldearekin jo zuen. Nik gitarrarekin gehienbat rythm & blues musika jotzen nuen eta, berak aho soinua jotzen zuenez, hitz egiten hasi ginen. Kontuak kontu, kontzertu berean ZZ Blues Band-ekin kantu bat jotzea eskaini zidaten, eta kantu bat jo beharrean kontzertu erdi egin genuen batera. Momentu horretan erein genuen hazia.
Elkar ezagututa, proiektu bateratua sortzea izan zen hurrengo urratsa.
Zamburleiker diskoa grabatzera nindoanean, 2011 urte hasieran, kantu batzuek aho soinua behar zutela ikusi nuen, rockabilly-aren eta blues-aren hotsa entzun nuen, eta Gaizkarekin pentsatu nuen kantuei toke zaharra emateko aproposa zelako. Egia esan, kantuak egiterako momentuan tarte batzuk aho soinuari utzi nizkion, eta tarte hauek Gaizkaren izena zeramaten. Eta grabazioan aho soinuari eman zion sentimendua asko gustatu zitzaidan; beraz, hurrengo pauso naturala talde bat sortzea izan zen.
Blues formatu klasikora bueltan?
Guztiz, gure arteko konexioari irteera emateko formatu ezin hobea da. Gainera Cadillac Records pelikula eta Martin Scorsese-ren Presents the blues dokumental saila ikusi ondoren egin beharreko zerbait bezala ikusten genuen. Gitarra, aho soinua, ahotsa eta sentimendua; horiek dira formatu honen ezaugarriak.
Gainera, kontzertuak emateko formatu erosoa da, ezta?
Bai, kontzertuak emateko, entseguak antolatzeko, erabakiak hartzeko... talde batean baino askoz ere errazagoa da dena, logistika aldetik dena errazten da, eta publiko zein beste musikariekin hartu emana izateko giro hobea sortzen da. Askotan kontzertuetara gitarra, aho soinua eta anplifikadore bi besterik ez ditugu eraman behar, horrek dakarren guztiarekin. Momentu honetan oso pozik gaude formatu klasiko honekin.
Eta nolakoak dira zuen zuzenekoak?
Hasteko, kontu kontalari batzuk garela uste dugu, gure istorioak kantuetara daramatzagu eta letrek garrantzia asko hartzen dute bi pertsona garen momentutik. Talde batekin jotzean babestuago sentitzen zara, baina taula gainean gitarra garbi bat eta aho soinu bat besterik ez dauden momentuan esaten duzunak garrantzia asko du. Askotan, gainera, publikoarekin hitz egiten dugu, feedback-a lortzeak berebiziko garrantzia du. Musikalki, aldiz, metxa motz bat bezalakoak izaten dira gure kontzertuak. Lasai hasten gara bossa nova kantu batekin edo summertime bezalako kantuekin eta pixkanaka funky-a, hard rock-a eta blues-a sartzen ditugu; boogie eta rythm & blues musikarekin amaitzeko.
Zuzenean ere uzten diozue tartea inprobisazioari...
Bai, zalantzarik gabe, ikaragarri gustatzen zaigu inprobisatzea. Horregatik egiten dugu 50. hamarkadako bluesa. Hasieran ez nuen nire burua blues kantuak jotzeko gai ikusten, baina pixkanaka ikasi dugula uste dut. Eta ikaste prozesu honetan jam-ak oso garrantzitsuak izan dira; beste musikari batzuekin jotzeak asko erakusten dizula uste dut.
Behi Bi Bluesen diskoa noizko?
Aurten grabatzeko asmoa dugu, uztaila aldean denbora tartea izango dugulakoan nago eta orduan aprobetxatuko dugu lehenengo diskoa grabatzeko. Axular estudioan grabatzeko asmoa dugu, baina hori lortzeko aurretik finantzatzeko bide bat aurkitu beharko dugu. Helburua da, hori bai, aurten grabatzea.