Patronoen murrizketek "kolokan" jarri dute UNED Bergarako sistema

Imanol Gallego 2013ko martxoaren 4a

Bergarako UNED zentroko hiru patronoen murrizketak direla-eta, orain arteko sistema presentzialean ematen ziren eskola orduak erdira murriztuko dira.

Kutxak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bergarako Udalak azaldu nahi izan dute murrizketa hauek ez dutela UNED Bergararen etorkizuna kolokan jartzen, eta Bergarako alkate Jesus Elortzak horri gehitu dio gainontzeko patronoek baino murrizketa txikiagoa egin dutela eurek, 10% ingurukoa; edozein kasutan, erabakia "latza" izan dela.  

UNED Bergarako zuzendari Iñaki Espartzaren hitzetan, ez da erabaki erraza izan, baina "jendea ez kaleratzeko" martxan jarri duten neurria izan da. Diru sarrerak ia %20 jaitsi izanak Bergaran orain arte egon den sistema bikoitzari zuzenean eragingo dio: presentzialtasuna murriztuko da eta, Espartzaren hitzei kasu eginez, "teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak hobeto aprobetxatu" beharko dituzte. 

"Iruzur egin digute" 

Irakasle nahiz ikasleen ikuspuntua zeharo ezberdina da. Klase presentzialak erdira murriztu ostean, ikasle batzuek "iruzur egin dietela" salatu nahi izan dute. Yolanda Duque ikaslearen kasua argia da: Gasteizen bizi da eta han UNED zentro bat izan arren, Bergaran dagoen sistema bikoitzak erakarrita hona etortzea erabaki zuen. "Murrizketa hauek Bergarako zentroaren izaeraren kontra doaz" zioen. 

Irakasleek ere antzerako iritzia dute. Alberto Santanaren hitzetan, "hezkuntzan egiten diren murrizketek ikasleei ez ezik gizarteari ere egiten die". Hala ere, irakasleek greba japoniar erara egingo dute eta, momentuz, eskola orduak bermatuta daude. Ikasle eta irakasleek, gainera, protesta deitu dute egubakoitzerako, 18:55ean, San Martin plazan, murrizketen kontra. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak