Gizarte ongizateko partida ez jaistea eta gastu korrontea murriztea Bergarako aurrekontuen helburu nagusia

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko martxoaren 1a

Astelehenean egindako ohiko osoko bilkuran 2013 urterako Udal aurrekontuak onartu zituen udalbatzak. Bilduk eta Aralarrek osatzen duten Udal gobernuaren aldeko 9 botoekin eta EAJ eta PSE-EE alderdien kontrako bostekin egin zuten aurrera. Hain zuzen, 21.280.400 euroko Udal aurrekontua onartu zen.

Horrekin batera, Udalaren erakunde autonomoen aurrekontuak ere onartu ziren:  Udal Euskaltegia, 352.709 euro; Mizpirualde egoitza, 3.630.398,02 euro; eta Bergarako Bihargintza 98 SA, 357.400 euro. Hori horrela, Bergarako Udalaren 2013rako aurrekontu bateratua  24.376.965,02 eurokoa izango da.

Iazko kopuru antzerakoa

Iazko urtearekin alderatuta, %2,6ko igoera izan du 2013rako Udal aurrekontuak.

Igoera horretan eragin handia izan du Udal langileei aparteko ordainsariak aurreratzeko erabili duten 470.000 euro inguruko partidak. Mugimendu hori gabe, aurrekontu osoa 20.880.360 eurokoa izango litzateke, hau da iazkoaren –20.731.536 euro– oso antzerakoa; %0,7 handiagoa, baino ez, Udaletik azaldu dutenez. Era berean azaldu dute, aurrekontuak prestatzeko orduan kontuan hartu behar izan dutela, 2009ko Foru Fondoaren defizitaren amortizaziorako diru kopuru bat, 400.040 eurokoa, hain justu ere. Aurten bukatuko dute itzulketa osoa. Era berean zehaztu dute, Udal aurrekontuok bete egin  dituztela Aldundiak garatutako Foru Arauak agintzen dituen hiru betekizunak hau da, estabilitate legea, finantza iraunkortasun legea eta gastuaren erregela.

Aurrekontua guztira

Banaketa laburtua 2012 
2013 
Aldea 
 Talde politikoen gastuak  274.135  264.660  -3,5
 Zerbitzu orokorrak  1.906.401  1.892.012  -0,8
 Udaltzaingoa eta babes zibila  976.920  951.990  -2,6
 Gizarte Ongizatea  2.410.793  2.350.339  -2,5
 Obra eta zerbitzuak  1.536.752  1.593.630  +3,7
 Hezkuntza  678.981  680.171  +0,2
 Hirigintza eta etxebizitzak  2.737.135  2.495.840  -8,8
 Estolderia eta ura  1.545.330  1.511.640  -2,2
 Kale garbiketa eta zaborren bilketa  2.117.830  2.330.030  +10,0
 Ingurumena  48.700  37.965  -22,0
 Kultura, jaiak eta gazteria  1.493.462  1.426.148  -4,5
 Turismoa, museoa eta ondare historikoa  365.714  317.335  -13,2
 Kirolak  1.841.012  1.923.420  +4,5
 Euskara  674.676  619.615  -8,2
 Auzoak eta mendiak  362.194  408.264  +12,7
 Gastu finantziarioak  1.761.501  2.007.341  +14,0
 AURREKONTUA  20.731.536  20.810.400  +0,4
 Paga Extra aurreratuak         -  470.000  
 AURREKONTUA GUZTIRA  20.731.536  21.280.400  

Inbertsioak jaitsi egin dira

Inbertsioei dagokienez, "eta bizi dugun egoera kontuan hartuta", 110.000 eurotan murriztu behar dute horretara bideratutako diru kopurua Udal gobernutik aurreratu dutenez. Guztira 1.724.000 bideratuko ditu gobernu taldeak inbertsiotarako, iaz baino %6,3 gutxiago, hain zuzen.

Zertan inbertitu aukeratzeko orduan, berriz, etorkizunean gastu arruntak murriztea ahalbideratuko duten inbertsioak lehenetsi dituztela azaldu dute eta hiru adibide ere eman dituzte: Alde zaharreko argiteria led teknologiara pasatzea aurreikusi dute; ingurumenari begira, energia aurrezteko proiektua ere garatuko dute; eta uraren kontsumoa eta estolderia hobetzeko inbertsioak ere egingo dituzte, beste inbertsio batzuen artean.

EAJ eta PSE-EE aurka

Oposizioko alderdiek aurrekontuon kontra bozkatu zuten astelehenean. Alderdi jeltzaleari dagokionez, Juanje Alberdik hartu zuen hitza eta berak eman zituen batik bat, Aintzane Oiarbiderekin batera, euren ezezkoaren arrazoiak. Batetik, "gastu arrunta murrizteko esfortzurik ikusten ez" dutela azaldu zuen, baina bestalde, "tasak igo egiten" direla ; bestetik, kezka adierazi zuen "herrirako proiektu falta" ikusten dutelako: "Herriko merkataritza edo industria bultzatzeko proiektu estrategiko falta" eta zentzu horretan, gobernu taldeak proposatutako Mekolaldeko lotunea hortik kanpo laga dute, "dirua iniziatiba pribatuak jarri duelako.

PSE-EEk, bestalde, "itxurazkoak" direla uste dute, "ez dutelako islatzen aurrekontu-ekitaldiaren errealitatea eta aurreko urtekoaren kalkoa dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak