Txirriren 'alter ego'-a Bergaran maisu

Ubane Madera 2013ko mar. 1a, 01:00

Pailazoek berezko duten makillaje barik eta irakasleek berezko duten amantal barik. Baina ume artean perrexila bere saltsan moduan aurkitu dugu Fernando Ruiz (Donostia, 1980) Bergarako San Martin ikastetxean. Izan ere, horixe da Ruizen berezko espazio naturala: umez inguratuta ibiltzea eta bizi izatea. 

Asteko zazpi egunak ematen ditu modu horretan: aste barruan irakasle modura (Haur Hezkuntzan) eta asteburuetan Txirri pailazoaren paperean sartuta: "10 urte daramatzat pailazogintzan. Pailazo lan egiten dugu asteburutan, gehienbat, udan edo Gabonetako oporretan. Beraz, irakasle lanetan ez nagoenean, normalean, pailazo jantzi eta hortxe aritzen naiz. Gehienetan ez dut inongo arazorik biak uztartzeko", kontatu du Ruizek.

Debagoiena, bere "destinoa" 

Bada, bere irakasle lanek ekarri dute Txirri pailazoaren alter ego-a den Fernando Ruiz gure bailara honetara estreinako aldiz: "Urtarrilaren erdialdean hasi nintzen San Martin ikastetxean, ordezkapen bat egiten. Oso-oso gustura nabil hemengo jendearekin, hemengo haurrekin eta hemengo giroarekin. Bailara honetara natorren lehen aldia da. Baina orain, Txirri moduan ere banator: bat-batean, badirudi bailara hau dela nire destinoa".

Hortxe, bada, Txirrik utzitako primiziatxoa: apirilean Oñatin izango ditugu Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo ezagunak: "Ezin dizuet konfirmatu ze datatan, ze oraindik itxi barik baitago, baina estreinaldia zuen bailaran egingo dugu". 

Gure ibarreko saioa estreinaldia izango dela adierazi du bai Fernando Ruizek; "izan ere, Junior abizena alde batera utzi dut urtarrilaren 6tik aurrera. Ofizialki Txirri naiz orain".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak