Joseba Egibarrek lepo bete zuen Bergarako batzokia

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko otsailaren 28a

'Bakea, bizikidetza eta normalizazioa, gure Herriaren etorkizuna'. Gai horixe landu zuen atzo iluntzean Joseba Egibarrek Bergarako batzokian, eta jende ugari bertaratu zen Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak eta Legebiltzarrean EAJko bozeramalea denak esan zituenak entzuteko.

Ordu eta erdi inguruko berbaldia eskaini zuen Joseba Egibarrek eguazten iluntzean Bergarako batzokian. Lepo bete zen aretoa, eta bertaratutako gizon eta emakumeek adi-adi jarraitu zituzten jeltzalearen berbak.

Bakea, bizikidetza eta normalizazioa izan zituen ahotan Egibarrek. Hala, 2011n Aieteko Konferentzia egin eta ETAk bere jarduera armatu behin-betiko amaitzen zuela iragartzean, jendartean garai berri baten hasiera izan zela gogorazi zuen. Baina baita ETA sortu aurretik gatazka bat zegoela esan, eta desegin ostean ere hortxe dagoela adierazi zuen GBBko lehendakariak.

"Lan egiteko ordua da. EAJk estrategia definitua dauka aspalditik, eta atzera begiratuta, ibilbide bat. 1979an estatutuaren aldeko apustua egin genuen, eta gure moduan aritu ginenok asmatu genuela erakutsi dugu. Dena den, ez du esan nahi estatutuko guztia lortu dugunik, ezta gutxiago ere".

Erabakitzeko eskubideaz ere egin zuen berba Egibarrek berbaldian. "Erabakitzeko eskubidea ez da independentziaren alde egotea. Zer nolako etorkizuna gura dugun erabakitzeko ahalmena edukitzea da, eta ez digu inork oparituko, ez Rajoik ez beste inortxok". Horretarako, estrategia baten beharraz hitz egin zuen Egibarrek.

Ezker abertzalearen gainean ere egin zuen berba. Hala, besteen artean, Egibarrek estrategia falta dutela ikusten duela adierazi zuen, "gauzak definitu beharra" dutela. "Ezker abertzaleak inposizio estrategia bat eramaten du aurrera. Ez bakarrik zaborraren gaian, bestelakoetan ere". Gaztazkak sortutako ondorioen gainean esan zuen, biktima mota ezberdinak sortu direla, eta ezker abertzaleak bi aldeak onartu dituela. "Dena den ez dute eragindako sufrimendua onartu".

Amaitzeko, "gurea herri eredugarria dela ezin ukatu", esan zuen, eta adibide moduan ipini zuen herrigintzan beti eginiko lana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak