Onartu dituzte 2013rako aurrekontuak Bergaran; iazkoak baino %2,6 handiagoak

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko otsailaren 26a

21.280.400 euroko aurrekontuak onartu dituzte Bergaran eta hiru izan dira Udal gobernuaren helburu nagusiak: gastu arrunta murriztea, gizarte ongizateko partidak mantentzea eta hondakin bilketaren sisteman aldaketa bultzatzea. EAJ-k eta sozialistek aurrekontu proposamenen aurka bozkatu zuten.

Onartu dituzte Bergaran 2013rako Udal aurrekontuak. 21.280.400 euroko aurrekontuak izango dira; aurreko urtekoak baino %2,6 handiagoak. Bilduren eta Aralarren bederatzi aldeko botokin eta EAJren eta sozialisten bost aurkako botokin irten da aurrera aurrekontuen proposamena.

Lehentasunak aurrekontuetan

Udal gobernuak lehenetsi du gastu arrunta ez igotzea nahiz eta jakin BEZa eta KPIaren eragina nabarmena izan dela. Horrez gain, 2009ko foru fondoaren zati baten itzulketa sartu beharra ere badute eta horrek asko baldintzatu die gastu arrunta ez igotzeko edo behintzat mantentzeko, Lauri Azkargorta Ogasun zinegotziaren esanetan.

Inbertsioak, bizi dugun egoera dela-eta, %6,3an murriztu behar izan dituzte eta inbertsioak aukeratzerako orduan etorkizunean gastu arruntak murriztea ahalbidetuko dituzten inbertsioak lehenetsi dituzte.

Azkargortaren esanetan aurtengo aurrekontuen helburuetariko bat izan da gizarte ongizateari eskainitako kopurua ez jaistea.

Egingo dituzten inbertsio nagusien artean Azkargortak Mekolaldeko zubiarena nabarmendu zuen. Hala ere, EAJ-koek ez dute ulertzen Mekolaldeko zubiarena izatea udaletxeko proiektu estrategikoena.

Auzoetarako hainbat inbertsio ere aurreikusten dituzte; Elosuko plaza Azkoitiko Udalarekin batera egokitzea, tartean. Gazteendako merkatu azpian ludoteka egiteko proiektua idazteko diru kopuru bat ere aurreikusten dute eta ingurumenean energia eta ura aurrezteko proiektu baten idazketa ere aurreikusten dute.

Ingurumenari dagokionez, Udal gobernuaren beste helburu bat izan da hondakin bilketa sisteman aldaketa bultzatzea. Aintzane Oiarbidek azaldu zuen aurrekontuak ez onartzeko beste arrazoi pisuzkoa dela hori.

Esan moduan, Bergarako Udalak 21.280.400 euroko aurrekontuen proposamena onartu zuen atzo egindako ohiko osoko bilkuran eta Udalaz gain, Udal euskaltegia (352.709 euro), Mizpirualde zaharren egoitza (3.630.398 euro) eta Bergarako Bihargitzaren (357.400 euro) aurrekontu bateratua 24.376.965 eurokoa da.

Oposizioa aurka

EAJ-ko Aintzane Oiarbidek azaldu zuen, besteak beste, aurrekontu "kontinuistak" direla eta uste dutela gastuak gehiago jaitsi daitezkeela eta inbertsioetan diru gehiago sartu eta Udalak proiektu estrategikorik ez duela ere esan zuen.


Mari Karmen Barrenetxea sozialistak adierazi zuen ez zaiola konbokatzen aurrekontuen balorazioak eta aportazioak egiteko eta aurtengo aurrekontuak iazkoen "oso antzekoak" direla esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak