Foro berria sortuko dute herriko industria berpiztu eta indartzeko

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko otsailaren 25a

Udala, Mankomunitatea, MAI, Uned eta hainbat enpresari eta alderdi politiko elkarlanean ari dira azken urte eta erdian eta ekimena Bergarako Udalak 2010-2020 Plan Estrategikoa egin zuenean, sektore industrialaren egoerak bultzada bat behar zuela argi ikusi zenean sortu zen. Orain arte egindakoak aurreko astean aurkeztu zizkieten Bergara eta inguruko enpresei.

Gaur egun bizi dugun transformazio ekonomikoaren egoera ezohikoa da eta sortutako krisi sakonak aparteko esfortzua eskatzen du, lanpostu maila ziurtatu eta herriaren ongizate sozialaren egoera gainditzeko. Horren jakitun, foro berri batek Bergara aldeko industria berpizteko eta indartzeko lan egingo du. "Enpresen foroa estamentu enpresarialaren lan bateratua artikulatzeko balio duen planteamendua da, eta, helburu sozial garrantzitsu hori betetzeko, instituzio akademiko eta publikoen parte-hartzea behar da", diote bultzatzaileek. Eta gehitzen dute: "Proiektuaren ideia sektore industriala suspertu, indartu eta berriztatzeko helburuarekin lan egingo duen ondo egituratutako foro edo erakunde bat sortzean datza".

Era berean, enpresendako elkartasun, berrikuntza, lehiakortasun eta ezagutzarako gune ere izan nahi du.
Hainbat bilera egin ostean, lanean hasteko eremu hauek zehaztu dituzte: eremu estrategikoa; enpresak mantendu eta indartzea; zerbitzu aurreratuak eskaintzeko erakundearen sustapena; eta lankidetza publiko-pribaturako gunea/elkartokia.

Partekatutako lidergoa 

Egungo egoera larriak "lan hori aurrera eramateko inork erantzukizuna, konpetentzia eta baliabiderik ez izatera garamatza. Beharrezkoa da partekaturiko lidergo bat, esfortzu eta baliabideak batu eta helburu eta estrategia berdinak konpartitzeko", azaldu dute. "Instituzio ezberdinen arteko kooperazioak bakoitza indartu eta efektu multiplikatzailea sortzen du".

Orain arte buruturiko hasierako fasea kontzientziazioa eta oinarrizko irizpideak zehazteko izan da. Orain, urtebeteko iraupena izango duen fase iragankor baten hasiera planteatzen da, eta fase horretan egin nahi diren jarduerak ondorengoak dira: batetik, "bi funtzio izango dituen erakunde juridikoa sortzea, enpresarien foro gisa lan egingo duena eta enpresendako zerbitzuak sustatuko dituena; bestetik, denborak aurrera egin ahala funtzioak bi erakundetan banatzea aurreikusten da; horrez gain, erakunde juridikoaren ordezkaritza-organua sortu eta exekuzio zuzendaritza kudeatzeko pertsonak hautatu nahi dira; gainera, ildo estrategikoak landu, zerbitzuak zehaztu eta harreman sarea finkatu nahi dituzte eta laguntza ekonomikoak bilatu eta babes instituzionala eta erakunde berriaren ibilbidea hasi; eta horrekin guztiarekin batera, Miguel Altunaren eraikin berria bultzatu nahi dute eta ekimen berria martxan jartzeko bost urteko ikuspegia izango duen  Plan Estrategikoa burutu.

Elkarlanaren fruitu 

Ekimen hau Bergarako Udalak 2010-2020 Plan Estrategikoa egin zuenean, sektore industrialaren egoerak bultzada bat behar zuela argi ikusi zenean sortu zen. Gaia lantzeko, Udala, UNED, Miguel Altuna Institutua, Debagoieneko Mankomunitatea, alderdi politiko ezberdinetako zinegotziak eta enpresa munduko pertsona batzuk elkarrekin bilerak egiten aritu dira aurreko urte guztian zehar enpresen egungo egoera aztertu, hausnartu eta aurrera begirako lan ildo batzuk finkatzeko.

Dagoeneko hiru ekimen bideratu dituzte: herriko enpresen egoera aztertzeko 67 enpresatan datu bilketa garrantzitsua egin dute; datu bilketaren emaitzekin herriko enpresen egoeraren diagnostikoa ere egin dute; eta egungo egoera ekonomiko zail honetan irtenbide posibleak lantzeko enpresari foroa sortu.

Egindakoa aurkeztu berri dute 

Bergara eta inguruko enpresei ekimenaren berri emateko, aurreko astean aurkezpen bilera  egin zen Miguel Altuna institutuko areto nagusian. Bertan inguruko 32 enpresak parte hartu zuten. Aurkeztutako proiektua onartu eta lan egitasmoarekin aurrera jarraitzeko asmoa azaldu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak