"Geurea ikurrina da"

Ubane Madera 2013ko otsailaren 23a

Berba horiexek dira eguerdian gehien entzun direnak Bergarako San Martin plazan. Jende uholdea elkartu da ikurrinari gorazarre egiteko. Tartean baita pertsonaia esanguratsuak ere; besteak beste, Francoren diktadura ostean Euskal Herrian lehen ikurrinaren igoeran parte hartu zuen Jose Luis Elkoro alkatearen familia (Elkorok berak debekatuta dauka halakoetan parte hartzea) eta ekitaldi historiko hartan parte hartu zuen Ramon Mendibil alkate-ordea. 

Lehenengo, Nafarroako bandera erraldoia zintzilikatu dute Bergarako Udaletxeko fatxadatik. Txalaparta doinuak etorri dira gero. Eta Enaitz Alustizaren bertsoak, ondoren.

 

Plazara etorrita, berriz, Ikurrin dantza egin du, balkoiko ekitaldiaren ostean, neska-dantzari talde batek San Martin plazan zeuden guztiei kolore zuri-gorri-berdeak eskainiz. 

Eta horren ostean hasi dira 12 metroko ikurrina igotzen: Jesus Elortza alkatea eta Ramon Mendibil, 1976an alkate-orde zena.

Hori guztia, esandako moduan, Bergarako plaza bete egin duten herritar eta bisitarien aurrean.

"Inposaketa"

Ekitaldia, bada, hunkigarri sentitu dute bertaratutakoek. Baina "inposaketa" baten ondoren etorri dela gogora ekarri dute Bergarako agintariek. "Inposaketa bat izan da. Gutuna jaso genuenetik ahal den eta gehien luzatu dugu, errekurritu egin dugu…. Ez genuen ipini nahi, baina iritsi da puntu bat non ipintzera behartuta sentitu garen. Horren aurrean erabaki genuena da gurea argi dugula zein den, eta gurea ikurrina da. Gure sentitzen dugu, ikurra izateaz aparte, gure nortasunaren ikur bezala ikusten dugu", azpimarratu du Leire Iruin zinegotziak ikurrinari gorazarre egiteko ekitaldian. Zera ere gehitu du: "Geurea ikurrina da eta denok elkarrekin horri eutsi behar diogu".

Abertzaleen batasuna helburu

Horrez gainera, eta gaurko ekitaldian abertzale guztiak ez egotearen aurrean, zera adierazi du gobernuko zinegotziak: "Gure helburua da, eta ikusten dugu abertzale denak elkartu egin behar garela halako momentuetan. Saiatu ginen, baina ez dugu lortu. Hala ere, oraingoan ez lortzeak ez du esan nahi hurrengoan ez dugunik lortuko. Hortik jarraitu behar dugu, gure saiakera izan behar da abertzale guztiak elkartu eta elkarrekin lan egin, alde batera lagata bestelako interes politiko guztiak". 

Jesus Elortza: "Inposaketa guztien gainetik, geurea, ikurrina"

Jesus Elortza alkateak, berriz, adierazi du "gertakari hauek mingarriak" diela oso Bergarako Udal Gobernuarentzat, "gogoan dugu une hauetan hainbat herritarrek ikurrinaren alde egindako borroka eta bat egiten dugu haien saminarekin. Bukatzeko, aldarrikatu nahi ditugu herrian diren nazionalitate guztiak, eta bereziki Bergarako herritarren gehiengo zabalenaren abertzaletasuna. Inposaketa guztien gainetik, geurea, ikurrina". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak