Zuhaitz Gurrutxaga: "Futbolari batek kontatzen ez dituen istorioak izaten ditut hizpide"

Ubane Madera 2013ko ots. 22a, 15:47

Zuhaitz Gurrutxaga futbol jokalari ohiak bakarrizketa saioa egingo du, gaur, egubakoitza, 22:00etan, Bergarako Zabalotegi aretoan: 'Monologos de un futbolisto'. Jokalari izan zeneko bizipenak kontatuko ditu. Realean, Rayo Vallecanon eta Real Unionen jokatu ondoren, musikari eta monologoen bideari heldu dio Gurrutxagak.

Elgoibarren 400 lagunen aurrean egin zenuen jarduna, Bergaran egongo zara zapatuan; Elgoibarkoaren aktuazio bera egingo duzu Bergaran?

Bai, funtsean emanaldia berbera izango da, nahiz eta beti uzten diodan inprobisazioari tartea, aktuazio  bakoitzak bere toke berezia izan dezan.

Zer da ikusleen artean harrerarik onena izaten duena?

Nire futbol ibilbidean bizitako anekdotak kontatu ohi ditut. Esaten dudan guztia benetan gertatutakoa da. Umore puntu batez esplikatu ohi ditut bizipen hauek, eta jendeak gustora entzuten ditu. Normalean, futbolari batek kontatzen ez dituen istorioak izaten ditut hizpide.

Bielsak ere kontratatu zaitu, ezta? Dinot monologista modura oraingo honetan… Noiz izan zen, zela joan zen?

Bai, Bielsak berak, pertsonalki, deitu ninduen ea Athletikeko lehen taldearen aurrean bakarrizketa aurkeztuko nukeen galdetuz. Benetan polita izan zen emanaldia, barre asko egin zuten bai jokalari eta bai entrenatzaileek.

Futbolista izatetik, "futbolisto" izatera pasa zara. Horrek zer esan gura du?

Hitz joko bat egin nahi nuen. Beti esan izan dut dauzkadan gabezia guztiekin hainbeste urtean zehar futboletik bizi ahal izateko, "listo" aritu behar izan dudala.

Zela bururatu zitzaizun artista esparru horretan froga egitea?

Pare bat urtez kontzertuak ematen nabil Vanpopel nire musika taldearekin. Abesti bakoitza kantatu aurretik, beti esplikatu ohi ditut abestion nondik norakoak. Beti toke komiko batekin egin izan dut hau, eta jendeari grazia egiten diola ikusirik, bakarrizketa soila egitea pentsatu dut.

Van Popel, txiste esatari edo futbolari, zer nahiago?

Futbolean urte asko daramat, eta noski, orain ez dut duela 15 urte neukan ilusio bera. Halere, gustura nabil Beasain taldean. Abestiak konposatu eta kantatzea asko gustatzen zait eta, gainera, taldekide bikainak dauzkat alboan. Baina, agian, orain bertan gustukoen dudan esparrua bakarrizketalariarena da. Bakar bakarrik agertokira igotzeak sortzen du halako adikzio bat.

Zuk Bergaran jardungo duzu zapatuan, Dani Mateo monologistak, berriz, Elgetako Espaloian. Ezagutzen duzu bera? Zer iruditzen zaizu? Zein da zuk gustukoen duzun monologista?

Dani Mateo gazteleraz aritzen diren bakarrizketalarien artean onenetarikoa da, dudarik gabe. Nik gustukoen Ernesto Sevilla daukat. Umore benetan fina eta zorrotza erabiltzen du. Bai bata bai bestearengandik badago zer ikasia. Bai horixe.

Beste zerbait gura baduzu gaineratu…

Eskerrak eman nahi dizkiot Bergarako Udalari, bertan emanaldia egiteko eskaintza eta gonbitea luzatzearren. Espero dut bergararrentzat gustuko saioa izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak