Seminarioko berdegunean jarriko du Bergarako Udalak tenis kantxako estalkia

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko otsailaren 22a

Finko jarriko dute han, eta gaur egun Muniben jartzen duten estalkiaren funtzioa betetzeaz gain, umeek babespean jolas egiteko ere balioko du, besteak beste.

Udalak Labegaraietako kiroldegian dagoen tenis kantxaren estalkia Seminarioko jolastokira eroango du; hango berdegunera. Duela urte batzuk kanpoko igerileku txikia estaltzeko erosi zuen Udalak, igerileku berriko lanak egin bitartean, eta handik Labegaraietara eroan zuen, teniseko kantxa estaltzeko. Kantxa horretako erabiltzaileek, baina, behin baino gehiagotan kentzeko eskatu dute, tenisean egiteko altuera nahikorik ez duelako, eta, eskariari erantzunez, udal arduradunek kendu egingo dute eta erabilera berria emango diote.

Erabilera hirukoitza

Piti Madariaga Gobernazio zinegotziak azaldu duen moduan, bi erabilera izango ditu estalkiak, nagusiki: "Batetik, Udalak egiten dituen ekitaldietarako erabiliko da; finko jarriko dugu Seminarioan, eta gaur egun Munibe plazan jartzen den estalki txikiagoaren funtzioa beteko du". Munibeko estalkia muntatu edo kendu behar den bakoitzean lau langilek goiz osoa ematen dute lan horretan, "eta hori koste handia" dela azaldu du zinegotziak. Bestetik, "erdigunean, eta batik bat Irala kale inguruan gurasoekin batera batzen diren umeek jolasteko gunea ere izango da, bereziki eguraldi txarra egiten duenean.  Umeek jolas egiteko, gainera, saskibaloiko saski txiki batzuk eta lurrean margotutako jokoak jarriko dira", Madariagak gehitu duenez.  

Gunea egokitu egingo dute

Seminarioko berdegunean jarriko dute 30x15 metro neurtzen dituen estalkia, eta horretarako gunea egokitu egingo dute. Bi fasetan egokituko dute: gutxi barru abiatuko duten lehenengoan, berdegunea asfaltatu egingo dute eta estalkia Labegaraietatik desmuntatu eta garbitu ostean, kokaleku berrian muntatuko dute.

Fase horren aurrekontua 30.000 euro ingurukoa da Madariagak azaldu duenez, eta bi hilabeteren buruan, apirilerako, eginda egotea nahi dute "eta dagoeneko erabiltzen hasi", Madariagaren arabera. Bestalde, hasiera baten, sabaia bakarrik jarriko dute, hau da, pareta bareko estalkia izango da. Dena den ez dute baztertzen behar izanez gero aurrerago alboetako itxiturak jartzea.

Bigarren fasean argiztapena jarriko dute. Horrek, baina, itxaroan egin beharko du: "Aurten ez dago horretarako dirurik eta argiarena datorren urterako laga dugu". Ordura arte, ekitaldiren baterako argia behar denetan momenturako jarriko dute.

Muniben jarri izan den estalki txikiagoa, beste betebehar batzuetarako erabiliko dute Seminariokoa jartzen denean. Modularra da, hiru zati ditu, eta, ondorioz, leku ezberdinetara egoki daiteke: San Antonio eta San Blas auzoetako jaietan erabili izan da dagoeneko eta beste herri batzuei ere alokatu izan zaie.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak