Iaz egin zuten moduan, aurten ere Logroñora joango dira eskari berarekin: Bateragune auzian epaitu eta zigortu zituztenak aske uztea; Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez, Miren Zabaleta eta Sonia Jazinto libre uztea, alegia.
Bost presoen senitarteko eta lagunek zein Arnaldo Askatu Politika Askatu plataformak antolatuta, elkarretaratzea egingo dute Logroñoko espetxe aurrean, 12:00etan 5ak askatu lelopean, hantxe daude-eta preso Otegi eta Rodriguez.
Bergarako herritar batzuk batu eta ekimen horren aldeko sustengua ematea nahi izan dute –argazkian daudenek–. Hala ekimen desberdinak antolatuko dituzte martxaren alde: herrian propaganda jarri, sentsibilizazioa hedatu eta askatasunaren aldeko aladarrikapen hau lau haizetara zabaldu.
Bestalde, Bergaratik ere martxara joateko autobusa antolatu dute. Irteera goizeko 9:30ean izango da frontoitik. Izena emateko: Kortazar, Arrano, Deportibo eta Bule tabernetan.