"Espainiako Estatuak beti bezala jarraitzen du inposatzea, inposatzea eta inposatzea. Orain Bergarari heldu zaio txanda Espainiako Bandera Udaletxean jarri edo alkatea eta zinegotziak kargugabetze eta zigortuko dituzte". Halaxe dio Bergarako ezker abertzaleak, hedabideetara igorritako oharrean.
"Erabaki honek min egiten digu" dio ezker abertzaleak. Eta gogora ekarri du bergararrek urteetan ikurrinaren alde egindako lana. "Gure herriak lan eta borroka asko egin du ikurrina eta bere aberriaren alde: Errepublika garaian, Gerra zibilean eta Frankismoan. Azkenik, Jose Luis Elkoro buru zuen Alkateen mugimenduak lortu zuen ikurrinaren legeztapena".
"Baina inposatzeen soka ez da banderarekin hasi eta ez da horrekin amaituko. Hezkuntza zentralizatzeko legeak (azkena LOMCE); euskararen aurkako erasoak; selekzio propioa izateko debekua; autodeterminatzeko eskubidea debekatzea... Bandera bat inposatzetik harago Euskal Herria asimilatu eta desagerrarazi nahi dute, gure hizkuntza, hezkuntza, kultura eta nortasuna ezabatu nahi dute. Eraso hauen aurrean herri bezala erantzun beharra dago, elkarrekin, ez bakoitzak bere aldetik" dio Bergarako ezker abertzaleak.
EAJri elkarlanerako deia
Bestalde, EAJri zuzendu zaio eta elkarlanerako deia egin: "Ezberdintasun sakonak ditugu EAJrekin hainbat gaitan, bereziki gai ekonomiko eta sozialetan. Horietan guztietan akordioetara heltzea ez da batere erraza izango, baina, ikurrinaren eta aberriaren defentsan elkarrekin aritzea ezinbestekoa da, bestela gure gainetik pasako dira".
"Ez gara sartuko EAJk Ezker Abertzalearen aurka prentsara bidali duen testu iraingarria erantzutera. Ez da abertzaleon artean hika mika eta eztabaidan aritzeko momentua. Elkartu eta Madriletik datozen erasoei herri gisa erantzuteko garai da" dio.
"Ezker Abertzaleak Euskal Herriaren alde EAJrekin elkarlanean aritzeko borondate osoa du eta bere eskutan dagoen guztia egingo du beste hainbat alderdi politiko, sindikatu eta eragilerekin egin duen bezala, EAJrekin elkarlanerako esparruak aurkitzeko. Borondatea badago posible da".
Udal gobernuaren deialdiarekin bat
Bukatzeko, ezker abertzaleak bat egin du Bergarako Udal gobernuak zapaturako egin duen deialdiarekin. "Herritar guztiei dei egiten dizuegu kolore politikoari begiratu gabe, zapatu eguerdian ikurrinaren omenaldian parte hartzeko eta etxeko balkoian ikurrina jartzeko".