Gasteizen dihardu ikasten Arizabaletak, eta azaroan bertako gaztetxera kontzertu batera joana zela gertatutakoengatik dago auziperatuta. Ertzainak sartu omen ziren, "prepotentziarekin", eta gaztetxean presoen argazkiak zeudela-eta, han zeuden hamabost lagunak identifikatu. Haietako bi auziperatu dituzte, "arduradun" izateagatik: "Ez dakit zergatik nagoen ni auziperatuta", dio Arizabaletak, azalduz bera kontzertu batera joan zela gaztetxera. Ertzainek "bortizki eta gogortasunez" jokatu zutela ere salatu du.

Ikasle Abertzaleak taldeak deituta, Bergarako ikastetxeetan geldialdiak egin dituzte goizean eta gazte asko batu dira epaitegi atarian Arizabaletari babesa eman eta auziperatzeagatik protesta egiteko. Protestarako baimenik ez zuten eskatuta, Ertzaintzak identifikatu egin ditu gazteetako batzuk, eta Gaztetxeak aurrera, presoak etxera zioen pankarta eustea eragotzi. Arizabaletak eskerrak eman dizkie gaur babesa erakutsi dioten gazte herrikideei.