Ikurrina jarri eta omenaldira joateko dei egin du Bergarako alkateak

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko otsailaren 19a

Bergarako Udalak dei egin die herritarrei oraingo asteburuan ikurrinak jartzeko etxeko balkoi, komertzio, lokal eta abarretan. Era berean, Espainiako bandera jartzeko Espainiatik jasotako aginduari, "inposaketari", erantzuteko, ikurrinari egingo dioten omenaldirako dei egin die herritarrei. Berau, zapatuan izango da, 13:00etan, San Martin plazan. 

Bergarako alkate Jesus Elortzak eta hainbat zinegotzik, Leire Iruinek, Jaione Isazelaiak edota Piti Madariagak esaterako, irakurri dute gaur, hedabideen aurrean, zapatuko omenaldirako prestatu duten manifestua. Agerraldian, ondoan izan dituzte ezker abertzale inguruko hainbat herritar. Haien artean, esate baterako, Enara Minguez, aurreko agintaldian EAEko zinegotzi izan zena eta Rafa Santxez Aralarreko kidea.

Toki ikusgarrian eta lehentasunezkoan

Alkateak irakurri du manifestua. Adierazi du, Bergarako Udalak ere, Hego Euskal Herriko beste hainbat udalek bezala, Espainiatik agindua jaso duela Espainiako bandera udaletxean, toki ikusgarrian eta lehentasunezkoan jartzeko. Hori egin ezean, Udal ordezkariak gogor zigortuak izango dira kargugabetze eta zigor ekonomikoekin.

"Borroka gogorra"

Alkateak, "inposaketa hori salatu" du eta historian zehar ikurrinaren alde egindako lana ekarri du gogora: "Gure herrixak borroka gogorra egin dau bere nortasun ikurra dan ikurriña legeztatu eta instituziñuetan egoteko. Errepublika garaixan, gerra zibilian eta gerra osteko ahalegin danak goguan dauzkagu. Benetan adierazgarrixa eta emankorra izan zan 70ko hamarkadan Bergarak eta bertako herritarrek aldarrikapen honetan eduki zeben protagonismua eta lortu zeben garaipena: lehgeztapena".

"Inposaketarik ez, guria ikurriña"

Espainiako bandera udaletxean jartzeko aginduaren aurrean, bestalde, hauxe esan du: "Esaldi sinple batekin erantzute dotsagu: inposaketarik ez, guria ikurriña". Eta, horrekin batera, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du: "Euskal Herritarrak gara eta erabakitzeko eskubidia aldarrikatzen dogu. Gure etorkizuna eta gure nortasun ikurren gainian libre eta demokratikoki erabaki nahi dogu".

Nazionalitate guztiak

Gauzak horrela, herritarrei dei egin die egubakoitz, zapatu eta domekan ikurrina jar dezaten "etxeko balkoi, komertzio, lokal eta abarretan". Hori baino gehiago, jatorri ezberdineko bergararrak animatu ditu euren jatorriko bandera ere jartzera asteburuan: "Jakin badakigu ikurriña danon naziotasuna adierazten daben ikurra dala, baina, Bergaran beste hainbat nazionalitateko herritarrak be bizi gara. Guk nortasun, kultura eta nazionalitate guztiak munduan eta Bergaran bere lekua euki behar dabela aldarrikatzen dogu. Horregatik dei eitten dotzagu bergarar guztiei ikurriña edota bere herrialdeko ikurra balkoian jartzeko".

Modu horretan, Bergarako Udalak ere herritarrei eskatu dien gauza bera egingo duela aurreratu du alkateak: "Gure naziotasuna adierazten daben ikurriñari lehentasuna emongo dotsagu, plazan bertan. Eta honekin batera, Bergaran daren nazionalitate guztien banderak jarriko dittugu udaletxian".

Azkenik, "inposaketari erantzuteko", zapatuan ikurrinari omenaldia egiteko antolatu duten ekitaldira joateko gonbita egin die herritarrei Elortza alkateak. 13:00etan San Martin plazan izango da ekitaldi hori.

(Udal Artxiboaren aurrean jarriko dute 12 metroko ikurrina zapatuan).

12 metroko ikurrina

Besteak beste, udaletxe ondoan, Udal Artxiboaren ate aurrean, horretarako jarritako mastan kokatuko dute 12 metroko ikurrina eta han egongo da, uneoro, lau haizetara. Ikurrina jarri eta gorazarre egiteaz gain, ikurrinaren legeztapenean protagonista izan ziren herritar ugari ere bertan izango direla aurreratu du alkateak. Haien lana "gogoratziaz gainera, ikurriña omentzeko txalapartari, dantzari eta bertsolarixen laguntza inango dogu" amaitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak