EAJren ustez, "inposaketa honi" Bergarako udalbatza osoaren izenean erantzuna emateko aukerarik ez die eskaini Udal gobernuak eta horregatik ez dute parte hartuko antolatutako ekitaldietan eta ez dute "babestuko" hartarako propio kaleratutako manifestua.
"Mehatxatua, jarraitua eta iraindua"
Bestalde, Bergarako EAJk gogora ekarri du EAJ "mehatxatua, jarraitua eta iraindua" izan dela urteetan zehar, eta "ez bakarrik espainiar ejerzitoaren eta poliziaren" aldetik. "Gogoan ditugu oso urrun ez dauden urte haiek, non ezker abertzaleak 'PNV español' esaten zigun. Orain, espainiar bandera Bergarako Udalean jartzeagatik historia egingo duena Bildu-Aralar gobernua izango da. Bildu eta Aralarrek Madrilgo mandatua beteko dute".
"Bandera bakarra ikurrina"
Bergarako EAJren Uri Batzarrak hedabideetara bidalitako oharrean, gogoratzen du, bestalde, EAJren "bandera bakarra ikurrina izan dela eta hala izaten" jarraituko duela eta EAJren sortzaile Sabino Aranak sortu zuela ikurrina: "Sabino Aranak,1894an gure Alderdia fundatu ondoren, sortu zuen ikurrina, eta 1936an, lehenengo Eusko Jaurlaritzak bere ikurrin ofizialtzat hartu zuen berbera".
"Bizia ikurrinaren alde"
Era berean, Espainiako Gerran bergarar askok ikurrinaren alde bizia eman zutela ere ekarri du gogora: "Gudari askok eman zuten bizia ikurrina eta gure Herriaren alde, hauen artean bergarar askok. Familia ugarik jasan zituzten mehatxuak, bortxaketak, gabeziak, nekeak eta espetxea ikurrina eta askatasuna defendatzeagatik eta espainiar bandera arbuiatzeagatik. Bihoakie gure omenaldirik sakonena ikurrinaren defentsaren ondorioz jasandako sufrimenduagatik, belaunaldietan bergarar hauen oroimenean jarraituko duen sufrimenduagatik. Francoren diktadura garaian debekatu eta zapaldua izan zen ikurrina erakunde, eskola eta leku guztietan, eta honen ordez espainiar bandera inposatu zuten".
Francoren diktadura ondoren, ikurrina legeztatua izan zenean, "Bergarako Alkate Taldeak ikurrinaren aldarrikapen historikoa" egin zuela ere nabarmendu du Bergarako EAJk.