Tavex enpresaren eraikin zaharreko desegite lanak amaitzen ari dira

Maialen Gonzalez 2013ko otsailaren 18a

164 urtez ehungintzaren sektorean lanean aritu den Tavex enpresaren eraikinaren desegite lanak amaierara heltzen ari dira. Hala eta guztiz ere, eraikina bera oraindik ez da saldu. Salgai dagoen arren eta asmoren bat zein beste egon bada ere, oraingoz, ez da eroslerik aurkitu.

Eraikin zaharra dagoen lurrak Tavex enpresarenak dira. Beraz, eraikin zaharra salduz gero, lurrak ere saldu egingo lirateke. Hala ere, aurrerantzean erabili nahi izanez gero, lur hauek erabilera industrialera bideratutako edo sektore horrekin lotutako jardueretarako bakarrik erabili ahal izango dira.

Azken materialak salduta 

Eraikina bera oraindik saldu ez den arren, barruko ia material gehiena salduta dago dagoeneko. Araztegia ia salduta dago eta barruko materiala, makina zaharrak, txatarra eta abarrekoak, saldu dira jada. Eraikin zaharraren etorkizuna, ordea, oraindik ez dago jakiterik.

Historia luzea atzean 

Tavex Bergaran 164 urte iraun duen ehungintza sektorearen azken arrastoa da. 1846ko urtarrilaren 23an sortu zen Fabrica de Hilados y Tejidos de Vergara elkartea, bi milioiko hasierako kapitalarekin. Hura izango zen gerora, 1904a ezkero, Algodonera izenez ezagutu izan dena. Sortzaileak, berriz, Silva eta Frois frantziarrak eta Blanc huescarra izan ziren.

Urte oparoenak Espainiako gerra ostekoak izan ziren. I. Mundu Gerrak indar berria eman zion industriari. 1915erako, Bergaran 17 industria establezimendu zeuden, eta, denetara, 1.030 langile zituzten. Horietako asko emakumeak ziren. 

Espainiako gerrak beste bultzada bat eman zion. XX. mende hasieran, Euskal Herrian industria indarrez garatzen hasi zenean, beste hainbat lantegi sortu ziren, tamaina askotarikoak; eta horien menpe jarduten zuten tailer, tindategi eta errota asko zeuden. 1850ean, Algodonerak 300 langile zituen. Garrantzitsuenen artean egongo zen beste lantegi bat, Gregorio Fernandez y Sobrino –1964a ezkero, Movilla SA– ere zutik zegoen ordurako, 1897an sortua, eta mende hasieran ezarri zen Narvaiza e Hijos.

Sektore berrien etorrera 

70eko hamarkadan, ehungintzaren sektoreak jarraitzen zuen Bergarako ekonomiaren motore handienetako bat izaten. Hala ere, beste sektore batzuek, metalgintzak kasu, gero eta garrantzi handiagoa zuten; 60-70eko hamarkadetan goia jo zuen, eta orduan hasi zen haren gainbehera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak