Tapoiak kentzeko, hardcorea

Jon Berezibar 2013ko otsailaren 18a

Hilaren 22an eta 23an Bergarako gaztetxea, atzera ere, eta aspaldiko partez, itzuliko da euskal hardcore zaleen lurraldea izatera. Eskubide historiko gertukorik ez zaio falta Bergarari horretarako. Tapoifest jaialdia ospatuko dute.

Etxean bezala 

Debagoieneko musikaren mapan lehen Arrasate punkaren gotorleku zen moduan, Bergara hardcorean lerratu zen. 90eko hamarkadan bor-bor egin eta sasoi hartan loratu eta zabaldutako taldeak ezagunak dira oraindik euskal musikazaleen belarrietan. Fly Shit, Bost Axola ala Supercools –izen ezagunen artean– tartean eta Euskal Herri osotik etorritako taldeekin, kontzertu asko egiten ziren orduan. Donostialdean osasuntsu eutsi dio eszenak, baina ematen du Bergaran apaltzera jo duela sukarrak. Ez, ordea, Txapa Irratiko Jar itzazu tapoiak, mesedez irratsaiokoen kasuan, eta, iazkoarekin pozik, aurten ere, hilaren 22ko astebururako Tapoifest jaialdia antolatu dute. Txapa Irratiaren eta Bergarako Gaztetxearekin batera antolatu dute jaialdia aurten ere.

Asteburu betea 

Barikutik domekara izango da jaialdia eta inguruko eta Gipuzkoako taldeek joko dute, batik bat. Otsailaren 22an, egubakoitza, 22:30ean joko dute Managaitz (Zarautz), Hardflip (Bergara), HHD (Gipuzkoa eta Bizkaia) eta Kaosarenerasoak (Eibar-Soraluze). Azken horien kasua, gainera, berezia da: uztear zeudela-eta antolatzaileek komentzitu egin zituzten jotzera animatzeko. Zapatuan, ostera, 18:00etan hasita, Lukas Prest (Eskoriatza) eta Layo Raser (Irun) taldeek joko dute eta 22:30ean, Hernia (Zarautz), Humilitate (Zarautz) eta Perras Salvajes (Madril) taldeek. 

Kontzertu guztiak agertoki txikian egingo dituzte, gaztetxean. Egubakoitz eta zapatu gauetako sarrera 3 euro izango da eta zapatu arratsaldeko saioa doan da. Hain zuzen, zapatu arratsaldeko kontzertuen artean iazko jaialdiko irudiak erakutsiko dituzte. Amaitzeko, DJ Okerreko eta herriko beste hainbat ibiliko dira hardcore musika jartzen.

-----------------

Raul Sanchez: (antolatzailea): "Taldeak ez hainbeste, baina zaleak oraindik asko daude"

Iazkoak animatuta errepikatuko duzue aurten? Aurreko urtean oso ondo atera zen, bai gerturatu zen jendearengatik eta baita kontzertuei dagokienez. Gogotsu geunden, eta bigarren urtez egiteko animatu gara. Espero dugu iazkoaren antzera irtetea aurten. Urtean zehar Bergaran hardcore kontzertu gutxi egiten dira, eta behar hori sumatu genuen. Gustuko jaialdia antolatu dugu, horixe da dena.

Behera egin du hardcore musikak Bergaran? Lehen, talde ugari zegoen, eta orain, ez dago hainbeste. Edozelan ere, zaleak, behintzat, badaude.

Betiko zaleak espero dituzue? Lehen taldeetan jotzen zutenak etortzen dira, eta inguruan, Soraluze eta Eibartik beti etorri ohi da jendea.

Tapoiak, zer, badaezpada ere? Irratsaioaren izenarekin egiten dugun txantxa da, eta bai, aurten ere banatuko ditugu, ohiturarekin jarraitzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak