Igeriketan ibiltzen zara, batik bat. Noiztik duzu zaletasun hori? Zer dela eta hartu zenuen horretan jarduteko erabakia?
5 urte nituenean hasi nintzen igeriketako ikastaroetan; gustura ibili izan naiz betidanik. Bergarako Klubetik deitu zidatenean, hara joan nintzen bi aldiz pentsatu gabe, eta hortik hasi zen dena.
Igeriketan aritzeko ohitura izan dut txikitatik. Izan ere, nolabait, erlaxatu egiten nauela esango nuke.
Lehiaketa askotan aritu zara. Zeintzuk izan dira azpimarragarrienak?
Iaz, udan, Sevillan eta Terrassan izandakoak aipatuko nituzke. Lehenengoan, junior mailan lehiatu nintzen eta Espainiako txapeldunorde gelditu nintzen, zilarrezko dominarekin. Terrassan ere asko disfrutatu nuen.
Bestetik, Donostiako Irlako XV. igeriketa zeharkaldian bosgarren geratu nintzen, eta bertan ere gustura ibili nintzen.
Azken asteburu honetan Tolosan Gipuzkoako txapelketa izan genuen. Bertan txapeldun izan naiz, bai nire kategorian eta bai absolutuan, 50, 100 eta 200 metroko bizkar estiloan. Errelebu guztietan ere irabazi dugu, baina estilo askeko 200 metrokoan hirugarren gelditu nintzen.
Lehiakideen artean giro ona daukazue? Elkar ezagutzen duzue?
Bai; igeriketa mundu honetan gabiltzan guztiok ezagutzen dugu elkar. Orain, Irungo talde baten nabil, eta Euskal Herriko igerilari onenekin batera entrenatzen gara Donostiako Anoetako igerilekuan.
Entrenamendu eta ikasketen artean nola moldatzen zara? Zein da zure eguneroko ordutegia?
Astelehenetik larunbatera aritzen naiz, goizez, egunero; hala ere, batzuetan, arratsaldez ere eskaintzen diot denbora.
Goizeko 6etan jaikitzen naiz eta 7 eta erdiak arte egoten naiz kiroldegian. Ondoren, 8etan, klasera joaten naiz, eta ordu bi eta erdietan ateratzen naiz. Siesta egin, eta berriz entrenatzera!
Denbora asko eskaintzen diozu orduan... ez al zara nekatzen?
Bai, zer edo zer... Baina gustura ibiltzen naiz, zerbait nahi duenak dedikazioa jarri behar du eta.
Modulua zer moduz daramazu? Zer ikasten duzu bertan?
Monitore izateko ikasketak dira, eta lanbide honek eskatzen dituen eginkizunak ikasten ditugu. Kirola egiteko orduan planifikazioak antolatzen, gimnasioan aritzeko plangintzak... Interesgarria da, eta gustura ari naiz bertan.
Eta honek zein irteera eskaintzen dizkizu? Baten bat erabakita daukazu?
Entrenatzaile, spinningeko monitore, gimnasioko monitore... hau da, mundu horretan aritzeko, batik bat.
Izan ere, igeriketarekin lotutako zerbait izan nahiko nuke; entrenatzaile, seguruen.
Profesional izango zinateke igeriketan?
Ez, ez, hori oso urruti dago nire eskuetatik. Zaila da.
Igeriketa profesionala jarraitzen duzu? Lehiaketak, Olinpiar Jokoak... Kirolariren bat aipatuko zenuke?
Bai, jarraitzen dut. Igerilari ospetsu eta ohikoena Michael Phelps izaten da, baina, beste aldetik, Aschwin Wildeboer aipatu nahiko nuke. Espainia mailan lehiatu izan da gurekin.
Igeriketaz gainera, baduzu beste zaletasunik?
Bai, badira zenbait. Triatloia, esate baterako, jarraitzen dut. Nire anaia horretan aritzen da. Bestela, ziklismoa-edo; kirol gehienak gustuko ditut.