Atzo, eguena, arratsaldean ikusi genuen jubilatu katalan koadrila Bergarako kaleetan bisita gidatua egiten. Baina ez dira ikusiko ditugun bakarrak izango, izan ere, aurten Imsersoko 40 bat autobus etortzea aurreikusten da; 2.000 pertsona inguru.
Azken urteetan gero eta gehiago dira Imsersoarekin Bergarara bidaiatzen duten erretiratuak Debagoieneko Mankomunitatearen eskutik.
Bisita atseginagoa egiten
Bisitiarien egonaldia atseginago suerta dadin –eta bisitari gehiago erakartzeko– zenbait berrikuntza proposatu dizkiote Udalak eta Mankomunitateak bidaia Imsersori: besteak beste, erretiratuak San Martin plazan bertan jaisteko aukera izatea, eta baita atzokoa bezalako bisita gidatuak egitea ere. Horrekin batera, herrian giro berezia sortzeko eta inguruko dendetan zein tabernetan mugimendua sustatzeko ahalegina ere egingo du Udalak.