Bergarar onenari saria

Goiatz Arana Begiristain 2013ko otsailaren 14a

Elene Etxaniz osintxuarrarak irabazi du herriko gutun onenaren saria. Argumentua: Liburutegian 2 pertsonen arteko begirada, joku eta sentimenduetan oinarritutako gutuna. Epaimahaiaren iritzia: "Oso gutun erreala, sinisgarria. Joku polita duen gutuna". Jarraian, gutuna osorik:

Liburutegiko azken ilaratik, gaur

"Arratsalde on! Edo iluntze on esan beharko nuke, akaso. 

Tratua tratua da. Irribarre bat, ilara bat. Azken ilara, kafetxoa. 

San Pedroko kanpaiak entzun ditzaket leihoaz bestalde. Eta nire bihotzaren erritmoa haren melodiari doitzen doakio. Pum-pum, pum-pum… Zazpi kanpai. Zazpi kolpe. Zure usaina aditu dezaket beheko solairuan guardasola astintzen, zure azal umelaren lurrina liburutegi osoan barrena. Zure zapaten hotsa entzuten dut, geroz eta gertuago. Lehenengo solairuko eskaileretako egurraren gainean pausu isila. Lotsatia.  Zure bihotz taupadak ere San Pedroko kanpaiekin sinkronizatzen hasi dira eskailerak igo ahala. Baita nireekin ere. Hemen goitik nabari dezaket. Bigarren solairura bidea hartu duzu. Geroz eta gertuago sentitzen zaitut. Zure pentsamendua irakur dezaket kasik. Hiru, bi, bat… 

Liburutegiko gela handiko ate pisutsua ireki eta nire begiak liburuetatik altxatu, biak izan dira bat. Eta hantxe egin dute topo zureekin. Zure begiak eta nireak. Nire begiak eta zureak. Lau begi eta begirada bakarra. Magia. Segundo bat izan da, eternitatea iruditu zaidan une labur bat, eta aurrera jarraitu duzu, zure hanka finak egur zaharraren gainean dantzan, haren kexu soinuei sorgor. Nire bihotzaren erritmoa gehiago bizitu da orduan, bularrean min egiteraino. Urduritasunak begiak lausotzen dizkit, izerdiak azala busti. Gaur da eguna. Gaur izan behar du horrenbeste denboran zain egondako zitak. 

50 ilara izan dira. 50 egun luze momentu honekin ametsetan. Ametsetan lotan. Ametsetan esna ere. Nola gertatuko den irudikatuz. Esango dizkizudanak eta ezkutatuko ditudanak imajinatuz. Alferrik galdutako hamaika ordu, atea gurutzatu eta zure begiekin topo egin bezain pronto mututu egin bainaiz. Eta konturatu naiz ez naizela pentsatutako guztiak esateko gai izango. Listua falta zait, lehor nabaritzen ditut eztarri eta aho. Ziztadak bularrean, bata bestearen atzetik. 

50 ilara, esan bezala. Halaxe erabaki genuen. Edo nuen, ez dakit. Nire albotik pasatu eta irribarre egiten zenidan aldiko ilara bat atzerago esertzen nintzen hurrengo egunean. Eta zu beti ni baino ilara bat atzerago eseriko zinen, jolasari jarraituz. Irribarre bat, ilara bat. Gure tratua. Eta horrela iritsi naiz gaur azken ilararaino. Eta urduri nago. Izerditan, nire bihotzak pum-pum, erritmo bizian. Baita zureak ere, igarri egiten dut. Poliki-poliki jarraitu dut zure ibilera ilaraz ilara. Ez didazu hutsik egingo, badakit. Heldu zara ia-ia nire pareraino. Altxatu begiak, mesedez, nireak zain dauzkazu… 

Eta justu nire parera iritsi zarenean, begirada lurretik altxatu eta irribarre egin didazu. Orain bai! Azken irribarre hau izan da giltza. Gure jolasaren amaiera. Ez dago beste ilararik nire atzean. Neu nago azken ilaran. Neu bakarrik, zure zain. Ondoan eseri zara, zure usaina sekula baino hurbilago, ezpainak inoiz baino mamitsuago. Zure azal umela nirearekin kontaktuan… Lehertu egingo naiz. 

Gutun hau zure liburuen gainean utzi eta alde egingo dut. Gure jolasa bukatu da, sari eske natorkizu orain. 

Kafetxo bat?"

Zuri alboan eserita zegoena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak