"Ene marinel maitea...
Goizeko bostetako kanpaiak. Ez datoz sekula ustekabean, tupustean. Kanpai hots sakona bezain fina, larria oso, frustrazioz betea. Ondoren 104 pauso. Kai ertzeraino zuzenean naramaten pauso arinak. Ez dira 103, ezta 105 ere, ez eztabaidatu hori niri. Ez dira nola-halako pausoak, zorrotzak dira, ertainak tamainaz, dardaratiak izandakoak baina urteen joan etorrian sendotutakoak. Hau ere ez iezadazu eztabaidatu. Inork baino hobeto dakit nik hori eta.
Kai muturrean hiltzen da azken pausoa, 104.na. Lur zahar eta lehor hau amaitu eta itsaso zabala hasten den horretan hotz egiten du, zakarra da giroa oso, zakar aurkitzen dut nire burua. Pentsa bide da kresalak zauritu dituela ene zimurrak, bera izan dela nire nahigabeen errudun bakar. Baina ez da horrela. Gazte ustela naiz antza denez, baina ez bota errurik itsasoari, nire desio bakarra da eta. Olatu artean ditut nik antsia guztiak, ilusio eta grinak, hor dabiltza kaos amaigabearen baitan dantzan. Denboraren isuria sumatzen dut abaildurik, ezerezaren ardatzean egotea ez da gauza gozoa, baina ez daukat beste erremediorik.
Errutinaren konpas aski ezagunak ertzetatik hasi eta barrualderaino sartzen zaizkit, oihartzun simetriko eta perfektua sortuz. Hori baina burrunba karrankariagorik!
Egunero legez iltzatzen ditut oinak kai mutur ospelean, itsasoak zerbait itzuliko didalakoan. Badakit bai nik hau ez dela bidezkoa, 104. pausotik haratago ez joateaz mintzo naiz. Baina hala eskatu zenidan. Eta esaneko dama naiz ni.
Azken pauso hori itsasoratzen den malkar horretara mugatzen da ene existentzia umiliagarri eta neketsua. Frustragarria da oso, materiagabea den norbaiten zain egotea. Eta esperoan nagoen horretan agertzen da ontzia, infinitutik azaleratuko balitz bezala. Egunero legez. Mantso baina mantsoago, ez du presarik antza. Badator eta badoa. Porturik ukitzen ez duen ontzia. Badator eta badoa.
Porturik ukitzen ez duen marinela. Bazatoz eta bazoaz.
Damuz zapaltzen dut lurra egunero, goizero, inoiz porturatuko ez den marinela agurtzeko. Errealitatearen parte zaren ere ez dakit jada, baina ene hobi honetan jarraitzen dut, hemendik ikusten baita itsasoa ondoen, hemendik ikusten baitzaitut ondoen. Itsasotik ere hemen ikusiko nauzu ondoen, 104. pauso honetan.
Baina porturik ukitu gabe bazatoz eta bazoaz.
Itsasotik etxera itzultzen omen da marinela. Koitadua! Itsasoa bera da marinelaren etxe. Ongi dakit nik hori. Ongi daki itsasoak itsasgizona limurtzen.
Sobera dakit ez dela existentzia perfektua. Inoiz porturatuko ez den itsasgizonaren zain egoteaz mintzo naiz. Baina, ez litzateke ederra perfektua balitz".