2. saria

Goiatz Arana Begiristain 2013ko otsailaren 14a

Iñigo Legorburu errenteriarrarentzat izan da, 'Irrien maisuari' idatzitako gutunarekin. Argumentua: Alaba gaixo duen amatxo batek Porrotx pailazoari sentimendu handiz idatzitako maitasun gutuna. Epaimahaiaren iritzia: "Hunkigarria, sentimenduz betetako gutuna. Haurren errealitateari jarri behar zaion arreta jartzen duen gutuna". Jarraian, gutuna osorik:

IRRIEN MAISUARI

"Bihotzeko Porrotx:

“Katxiporreta!” oihu egingo zenuen jada, ezker eskua poltsikoan sartu eta ustekabean gutun hau topatu duzunean. Itzulerako etxerako bidaiari ekitekotan ginela, anbulantzian sartu aurretik; nire 4 urteko alabatxoari muxu ematera etorri zarenean besarkatu eta orduan sartu dizut hain gustura zuretzat idatzi dudan gutun hau.

Izan ere, maitasun gutun bat da hau; Porrotx maitea.

Nire alabatxoaren alde egin duzun guzti horregatik, egin duzu leku bat nire bihotzean. Lehenengo egunetik, goizero hospitalera hurbildu eta zure mundu koloretsua gure bizitza grisetan txertatzen nola joan den ikusi dudalako batik-bat. Besteok, ume gaixoak errukiz begiratzen genituen bitartean, zu haur haien munduan sartu eta haien begietatik begiratzen irakatsi diguzulako. Haurretako beste bat bilakatu zarelako. Haur eriak, beste ezer baino lehen, haurrak direla irakatsi diguzulako.

Gauza batek bereizten zintuen haiengandik,ordea. Zure ile urdin koloretsua urrutitik bereiztu zitekeen haur burusoil guzti haien artean. Eta zuk zein zortedunak ziren esaten zenien, ez zutelako orrazteko premiarik argudiatuz. Kimioa hartzen zutenean, erizain kopetilun eta gaizto haiek eurak nahi zutena egiten zutela esaten zenien ahopeka, sekretuak kontatzen diren gisara; eta haurrak barre-algaretan lehertzea lortzen zenuen. Hitz batean esanda, euren konplize bihurtzen zinen.

Zure bisitekin, nire alaba bigarren aldiz jaiotzen ikusi dut. Eta horrekin, zurekiko nire maitasuna erditu da. Edozein aitzakia baliatzen zenuelako ume haien bizitza alaitzeko. Aitzakiak oztopoak suertatzen direlako normalean baina zuk aukera bihurtu dituzulako.

Gogoratzen aulki gurpildunen afera? Gurpilen antzera, borobil irten zitzaizun hura ere! Hospitaleko erizainek, bertako arau zorrotzak jarraituz, haurrak gurpildun aulkietan eraman nahi izaten dituzte korridoreetan zehar txintik atera ez dezaten; naturalena hori balitz bezala... Oraindik ez dira konturatzen, kontraesana badirudi ere, gaixoak gaixoago senti daitezen modurik eraginkorrena hori dela. Eta zuk, kontraesanak sahiestuz, esanen-kontra egitea erabaki zenuen. Hargatik, korridoreak haurrekin batera korri egiteko baliatu zenituen, serio itxurako erizain haiek euren garrasietan itotzen ziren bitartean.

Hospitale hura bilakatu zen eskenatokian, antzezlan hartan nola moldatzen zinen hain ongi galdetzen nion hasieran nire buruari. Eta erantzuna, galderan topatu nuen: Zuk ez duzulako ezer ere antzezten, horrela bizi duzulako egoera; bizitza delako inoiz idatzi den antzezlanik politena.

Helduok, heriotzari beldurra izaten irakatsi diegu haurrei, erdi-hilda daudela ikusaraziz. Baina zu hor agertu zarenetik, gutxienez erdi-bizirik daudela modurik bizienean azaldu izan diezu. Eta errealitatea den bat-bateko oholtza honetan, begiak zabal-zabal eginda amesten irakatsi diezu.

Zure pailazo izaerak zeresana izan du jokaera horretan, noski. Hala, medikuen aurrean zeresana ematera pasa zara. Medikuak, bihotza biluzten ez dakiten pertsona jantziak dira. Eta haietako batzuk zuri “pailazo!” deitzen dizute mespretxuz batzuetan, konturatu gabe euren izaera hits, zurrun eta barnerakoia baino gauza irrigarriagorik ez dagoela.

Zure pailazo sen horrekin, bizitza den zirko erraldoi horretan funanbulista izaten ikasi duzu bide batez. Derrigor ikasi ere, zu mespretxatzen zaituen jendea maitatzen ikasi duzu-eta. Eta ikasgairik garrantzitsuena eman diguzu guri: Bizitzaren eskolan ikasi duzuen pertsona jantziok, ez duzuela derrigor serio eta kopetilun korbataz jantzita joan beharrik.

Jarraitu beraz, zure magia ikustezin horren bidez, gaixotasun ikustezin hori gainditu litekeela ni bezalako jendeari ikustarazten. Jarraitu kimioterapia, bitaminak, txertoak… botika onenak direla esaten duten horien gainetik, irria dela botikarik onena azpimarratzen. Eta jarraitu arren, gurasoak  izanagatik, maitasun faltagatik umezurtz gelditu diren haurrei hain beharrezkoa duten eguneroko maitasun dosia txertatzen.

Nik bienbitartean, bihotzean gertu eramango zaitudala zin egiten dizut, eta ni ere, zuk nahi duzunerako hor izango nauzula hitz ematen dizut. Prest. Gertu. 

Maite zaitut pila pila pila, patata tortila!!" 

                                                                                          AMATXO  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak