"Urteetan herritarrek gogor borrokatu dute gure nortasun ikurra den ikurrina legeztatu eta erakundeetan egoteko, besteak beste, gerra garaian eta frankismoan. Horren adierazle, 70eko hamarkada ezkero, herritarren bultzadaz eta Jose Luis Elkoro buru zuen Udalaren ekimenez, ikurrina izan dugula urte hauetan guztietan gure nortasun ikur nagusi Bergaran", adierazi du Udal Gobernuak prentsa ohar baten bidez.
Ikurrinari omenaldia 23an
Otsailaren 23an, 13:00etan, herriko plazan ikurrinari omenaldia egingo zaio eta Udal Gobernuak herritarrei parte hartzeko dei egin die. "Balkoietan euren herrialdeko bandera eta ikurrina jartzeko gonbidapena egiten diegu, herri eta pertsona guztien naziotasuna aldarrikatzeko eskubidea azpimarratuz". Herriko elkarteei ere egoitzetan ikurrina jartzeko gonbidapena egin die Gobernuak.
Agerraldi jendetsua 19an
Otsailaren 19an, bestetik, 19:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, agerraldi jendetsua egin nahi da hilaren 23an egingo den omenaldirako deialdia egiteko. Otsailaren 23koa ekitaldi oso jendetsua izatea nahi dute.