Herrikideak bizikleta gainean jarri nahi dituzue.
Bai. Lokatzako Eskola ziklistak eta ziklismoa sustatzeko talde bat da, eta gure asmoetako bat da herri mailan bizikleten erabilera sustatzea. Jende gutxi garen arren, ditugun baliabideekin kanpaina txiki bat abiaraztea pentsatu genuen, eta isilean egindako lana izan zen. Bergaran kartel batzuk jarri genituen, herritarrak sorpresaz harrapatzeko eta herrian zeresana emateko. Eta, horrekin herritarrak gogoeta egitera animatu nahi genituen.
Halakoetan zeresana ematea ona izaten da.
Bai. Egia da kasu batzuetan kartelen zeresana azaldu egin behar izan dugula [Barre], akaso ez gara oso onak izan kartelak egiterako orduan, baina interesa piztea zen asmoa.
Esan dugu bergararrak bizikletan ibiltzera animatu nahi dituzuela. Ze onura ditu horrek?
Garbi dago bizikletan ibiltzeak hainbat onura dituela, gizarte ikuspegitik, ingurumen ikuspegitik... Baina funtsean, asmoa da beste gizarte eredu batean murgiltzeko proposamena egitea. Proposamen horren barruan daude automobilen erabilera bigarren maila batean uztea, egungo bizitza erritmoa apur bat lasaitzea... Lasaiago eta hobeto ibiltzea.
Eta, egun Bergaran jendeak badu bizikletan ibiltzeko ohiturarik?
Bada, kuriosoa da, baina begira ibili gara ea Bergaran, edo Debagoienan zeintzuk diren bizikleta erabiltzeko ohiturak, eta konturatu gara oso lan gutxi daudela gai horren gainekoak, eta apenas dagoela neurketarik. Esaterako, Bergara eta Osintxu arteko bidegorriko erabilera datu batzuk daude Aldundiak batutakoak, egunero zortzi lagun inguru pasatzen direla tramu horretatik bizikletan... Badaude zenbaki batzuk, baina oso pobreak dira. Baina, herri barruan ez dakigu zenbat lagunek erabiltzen duten bizikleta. Nire susmoa da gutxi direla, eta zenbaki horiek asko hobetu daitezkeela.
Bergara herri aproposa da bizikletan ibiltzeko? Zirkulazio aldetik, herri barruan egon daitezkeen maldak...
Bada, egia esan oso aldapa gutxi ditu Bergarak. Eta orokorrean, Debagoieneko herriak erreken ondoko eremu lauetan daude, auzo batzuk kenduta. Eta horrek oso aukera onak ematen ditu oinez, patinekin edo bizikleta erabiltzeko.
Zuen karteletan azpimarratu duzuen gauzetako bat da bizikleta erabiliz denbora aurrezten dela.
Bai, gai horren gainean egin diren azterketek erakusten dute, eta frogatuta dago, 7 kilometrotik beherako distantzietan bizikleta nagusitzen dela. Sarri esaten dudan gauza bat da Atez atekoa automobilekin egiten dugula guk, etxeko ate aurretik okindegiko ate aurrera automobilean joan nahi dugulako, edo zentro komertzialeko ateraino. Hala, 7 kilometro baino gutxiagoko distantzian ez dago lehiarik. Izan ere, seguruenik distantzia tartea automobilean azkarrago egingo dugu, baina autoa aparkatu? Hori beste kontu bat da. Ez dut uste bizikletan etortzea baino lehenago aparkatuko dugunik.
Zela ikusten duzue bidegorrien egoera?
Bada, uste dut hor badagoela zer salatu. Egun badago bidegorri saretxo bat, baina ez dago batere trinkotuta. Eta hor, uste dut Aldundiak bidegorri sare on bat zor digula aspalditik. Garai batean adostu zen AP1 autobidearen aurrekontuaren zati bat bidegorri sarea egiteko bideratuko zela. Eta, 2013 urtean gaude, eta Zubillaga-Epele artean obrak egiten dabiltzalako pozten gara. Gure ustez berandu eta motel ari dira. Herriak poliki-poliki bidegorriaz lotzen ari dira, baina herri barruan ez gabiltza inongo neurriak hartzen: 30 kilometro ordutik behera ibiltzeko eremu gutxi daude, ez dago bizikletak alokatzeko zerbitzurik, ez dago araudi bat... Politikoei bota genezake errua, baina azken batean, politikoak herritarren isla dira, eta ez dut uste herritarrok oraindik jabetu garenik bizikletan ibiltzeak ze onura dituen.
Ikusten duzue auto gidarien partetik badagoela errespeturik?
Alde batetik herri barruan ibiltzeko Udal ordenantzak nahi ditugu, jakiteko zelan ibili behar garen, eta zelan ez. Eta bestalde, askok errepidean bizikletan ibiltzeko ohitura ere badugu, eta hor lan handia dago egiteko. Tamalez, Espainian ziklista mordoa hiltzen dira auto istripuen ondorioz, Europako beste lurralde batzuetan baino askoz gehiago. Iñaki Lejarretaren heriotza mugarria izan beharko litzateke, eta jendea ohartu errepideak ez direla auto gidariendako, eta bai herritarrendako, guztiondako. Zikloturistok ere badugu pekatua, arau guztiak ez ditugulako ondo betetzen, horrenbestez, arazoa ez da ibilgailuarena, eta bai berau erabiltzen duenarena. Beharrezkoa da elkarkidetza, eta errespetuz jokatzea. Betiere, jakinda istripua izanez gero bizikletan doanak asko duelako galtzeko.