Emanaldia Obertura/Abbaphonic piezarekin hasi zuten eta ondoren, The Pink Panther abestia etorri zen. Abesti honetan, Igor Larrañaga saxofoi-jolea pantera arrosaren mozorroarekin irten zen eta, bere atzetik, Clouseau inspektorea irten eta argia piztu zuten. Argia piztearekin batera, orkestraren ondoko eszenatokia bistan geratu zen eta emanaldiarekin bat egiten duen antzezlana hasi zen.
Antzezlanean, Donostiatik Bergarara etorri den bikote bat herriko lagunekin elkartu eta Bergarako Aratusteak eta Donostiakoak alderatzen hasi ziren. Horren ostean, Sonrisas y lagrimas filmeko abestia; Mary Poppins, koreografia eta guzti; Tiroleko abesti bat; O sole mio, gondola eta guzti; eta Metro Goldwyn Mayer abestiak jo zituzten.
Aratusteetako umorea eta alaitasuna islatzeko, atsedenaldia baino lehen Paquito Chocolatero eta Salve Rociera piezak jo zituzten.
Atsedenaldiaren ostean, emanaldia Ballet Parisien kantuarekin hasi zuten eta bertan, dantzariek kabaret ikuskizuna eskaini zuten. Gero, biolinistak eta txelo-jotzaileak zutitu eta rantxera bat eskaini zuten.
Musikalen txanda
Azken urteetan Aratusteetako kontzertuetan eskainitako musikalen abestien txanda izan zen: Saturday Night Fever eta Abba. Horietako lehenengoa John Travolta protagonista duen pelikularen abestia izan zen, rys dantzariek koreografia ikusgarri batez lagundu zuten. Gero, Pirates of the Caribbean pelikularen txanda izan zen.
Emanaldia borobiltzeko, aurreko urtean Abba taldearen musikalaren abestien txanda izan zen. Emanaldi horretatik, bi abesti aukeratu zituzten: Dancing Queen eta Mamma Mia-ren Ai, Amatxo! moldaketa. Abbaren abesti horrekin bukatu zen kontzertua, baina publikoak gehiago eskatu eta Ai, Amatxo! abestia berriz ere jo zuen.