Bigarren zatian erabaki zen bergararren garaipena

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko otsailaren 10a

Labegaraietan jokatuta, Josetxo Muniategiren taldeak gogor borrokatu zuen zapatu arratsaldean Basauri garaitzeko. Hala, 33-24 erakusten zuen markagailuak partidaren amaieran.

Etxean, Labegaraietan jokatu zuen Soraluce BKEek 17. jardunaldiko partida. Irabazi egin zuen etxeko taldeak, baina ez zuten gurako luketen bezain joko ona erakutsi, Josetxo Muniategi entrenatzaileak Goienari adierazitakoaren arabera.

Azken unera arte borrokan

Malkartsua izan zen garaipena eskuratzeko bergararrek ibili behar izan zuten bidea. Kosta egin zitzaien giroan barneratzea, baloia jokoan ipini eta 15 minututan 6 gol bakarrik sartu baitzituzten.

"Lehenengo zatiaren amaieran 14-11 erakutsi du markagailuak. Aurreneko 20 minutuak traba askokoak izan dira, joko txarra egin dugu, akats askorekin, paseak-eta egiterakoan, esaterako". Muniategiren mutilak, baina, atsedenaldia baino minutu batzuk lehenago defentsa apur bat hobetzeko gai izan ziren.

Bigarren zatiko aurreneko minutuek lehengo zatiaren errepikapena ziruditen, akats askoko uneak izan baitziren. Aurretik joan ziren arren, ez zirudien abantaila hartzeko gai izango zirenik. "Gu defentsan hobetzen joan gara eta beraiek oker gehiago egiten hasi dira, eta hor hartu dugu partidaren kontrola." Azken uneetan, gainera, ikusle gehiago bertaratu ziren, eta zaleen berotasuna igarri zuten bergararrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak