Juan Ramon Unamuno: "Poesiaren indarrari esker, gauza txarrak politagoak bilakatzen dira"

Maider Arregi 2013ko otsailaren 9a

Aldeta taldearen lehen disko intimoa aurkeztu digu Juan Ramon Unamuno bergararrak. Monika Reflojos, Felipe Juaristi eta Txitxo Lopezekin batera, Txorien aberria poesiaz eta musikaz jantzitako lan lirikoa kaleratu du.

Nolatan sortu zitzaizun taldea osatu eta diskoa kaleratzea?
Txikitatik datorkit musikarako zaletasuna. Etxean betidanik musika izan dugu protagonista.  Txitxo Lopez Vomito punk taldeko kidearekin egindako abesti batzuk genituen eta letrak jarri zizkien Felipe Juaristi poeta eta idazleak. Ondoren Monika, Santa Zezilia abesbatzako kideak kantu horiei ahotsa jarri die. Halaxe sortu zen taldea.

Aldeta, Bergarako baserria.
Bai, hortik dator taldearen izena; gaztetan han ibiltzen ginen sagarrak harrapatzen eta! Egun autobidea dela eta ez dago baserria.  Koadrilan sortu genuen taldea, denok Intxaurrondon bizi gara eta. Indarra hartu du orain hasierako proiektu xumeak.

Oso disko lirikoa egin duzue.
Bai, lasai eserita entzuteko moduko diskoa da. Geroz eta entzunaldi gehiago, hobe sartzen den  horietakoa dela uste dugu. Poesia oso garrantzitsua da: berba ezberdinekin gauza txarrak, politak bilakatzen dira.

Oso estilo ezberdinetik zatozte.
Bai, Txitxo, Vomito punk taldetik dator, eta orain blues ukitua eman dio diskoari; Felipe, berriz, poeta da eta Monika abesbatza taldetik dator. Ni, aldiz, musikari kantaria naiz gaztetatik. Nahasketa polita benetan.

Zer harrera izan du?
Orain arte oso ondo; Aurkezpenean disko denak saldu genituen eta jendea gustura ikusi genuen. Bergaran ere Ariznoan dugu salgai dagoeneko.

Begarara diskoa aurkeztera etorriko zarete?
Bai bagabiltza dagoeneko udalarekin harremanetan. Gure asmoa da kultura etxe eta aretoetan gure lana aurkeztea. Eta Bergarara ere etorri gura dugu. Gu gustura geratu gura eta jendea ere gustura gertazea da gure asmoa.

Betidanik musikarekin harreman estua izan duzu.
Ezagutzen nautenek badakite; ez zaie arraroa egin taldea osatzearena. Donostian ere jarraitu dut Imanol eta Lete moduko musikarekin harremanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak