Angiozar bailaran duten kobertura arazoari irtenbidea emateko lanak hastear daude. Kable bidezko banda zabala sartzea da egin beharreko lana, bailara osoak interneterako sarrera ona izan dezan.
Jesus Elortza alkateak aurreratu duen bezala, bi enpresak aurkeztu dituzte euren proposamenak. "Bi enpresa horien gutunak zabaldu ditugu eta aurkeztu dituzten proposamen teknikoak aztertu behar ditugu orain. Behin hori eginda, proposamen ekonomikoak jasotzen dituen gutuna zabalduko dugu, eta erabakia hartu ostean, lanak esleitu".
Sei hilabeteko lana
Momentu honetan, beraz, proposamen teknikoak aztertzen ari da Udala. "Gure nahia da kable bidez zabaltzea Angiozarren banda zabala. Satelite bidez ere egin daiteke hori, baina kable bidez zabaltzearen alde egin dugu. Puntu beltz edo ilun asko ditu Angiozarrek eta ez dago behar besteko koberturarik. Lan hauekin arazo hori konpondu nahi dugu", zehaztu du alkateak.
Lan horiek egiteko ez direla zulatze obra handiak egin behar aurreratu du Jesus Elortza alkateak. "Litekeena da gune batzuetan hori egin behar izatea, baina egun dagoen azpiegitura bera handitzea da proiektua. Angiozarreko inbertsio horretarako, 150.000 euroko diru partida dugu gordeta".
Epeei buruz galdetuta, epe zehatzik ezin dela oraindik zehaztu dio Jesus Elortza alkateak, baina aurreratu du udaberrian hasita egongo direla lanak. "Aukeratutako enpresak, sei hilabetetan egin beharko ditu lanak. Asmoa da urtea bukatu aurretik interneterako sarbide ona eta kobertura arazorik ez egotea Angiozarren", zehaztu du".
Urtebeteko atzerapena
Interneterako konexio eskasa eta telefono mugikorretarako kobertura arazoak aspaldiko arazoak dira Angiozarren. Hori konpontzeko lanean hasi ziren Angiozarko herritarrak duela bost urte, eta zain daude lanak noiz egingo. "Joan den urtean, 2012an, egingo zituztela uste genuen, baina ez da horrela izan. Urtebeteko atzerapenarekin datoz lanak. Kalitatezko zuntz optikoa sartuta interneterako sarrera ona izatea da gure nahia eta horretxen zain gaude", adierazi du Angiozarko alkate Jose Angel Mikeok.