Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx': "Korrikak eta guk euskara eta alaitasuna dakartzagu"

Jon Berezibar 2013ko otsailaren 8a

Korrika Kulturalaren barruan Pirritx eta Porrotxek koadrila osoa ekarriko dute Bergarara. Sentitu, pentsatu, ekin ibilbide jada luzearen leitmotiv izateaz gain, taldearen 25 urteak ospatzeko ikuskizunaren izena ere bada. Pailazoen abenturetan lagun izan dituzten pertsonaia eta adiskide asko igoko da oholtzara bihar. Txin Pun Korrika 2007ko Korrika Txikirako egin zuten abestiak ziur ez duela hutsik egingo. 

Urte berezia duzue hau, ezta?

Guk diogu 25 urte bete direla sudurra gorritu zitzaigunetik. Amona Josefinari Zorionak zuri erraldoi bat abestuko diogu Bergaran. Izan ere, Amonari kantatuz gure buruari ere kantatzen diogu denok. Amonaren bizitza oso emankorra izan da eta ezagututako lagun asko etorriko dira: Anakleto ijitoa, Sioux buruzagia, Marisorgin sorgin txikia ere etorriko zaio... Euskararen inguruko festa bilakatuko den saioa izango da, alaia eta, aldi berean, sentimenduz josia.

Korrika bera ere halaxe bizi izango duzue.

Guk orain dela lau urte lekukoa hartu eta azken kilometroa egiteko ohorea izan genuen Gasteizen. Korrika bere jaiotzatik, gu bezala, herrigintzarekin lotua dago. Euskara eta alaitasuna ekarri nahi dugu haurrentzat eta jaiotzatik euskara izan da motiboa. Ondorioz, Korrikarekin erabat lotuta gaude. Korrika eta euskara, biak, bizimodu bat dira, bizimodu emozionala; euskaraz bizi, euskaraz esnatu eta euskaraz hartzen gaitu loak. Munduan egoteko modua ematen digu euskarak eta oso garrantzitsua da gure koloreak munduari ematea. Gure aberastasun hori eman eta jasotzen da euskararekin. 

Neke arrastorik ez dago?

Zoriontsu egiten gaitu honek. Bergaran oholtza gainean ordu eta erdi egongo gara, baina gero jaitsi egingo gara haurrei musuak eta hitz goxoak banatzeko. Hori guretzat sekulako bitamina piloa da. Urteekin bibotea zuritu eta mugimenduak makaldu zaizkigu, baina asko ikasi eta jasotzen da urteekin. Begirada emozional sakonagoa lortzen da urteei esker, batez ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak