Euskaraz idazteko zaletasuna han eta hemen sustatzeko balio izan du lehiaketak eta horren adibide da aurten jaso dituzten gutunen jatorria. Euskal Herri osotik bidalitako gutunak jaso dituzte, baina baita atzerritik ere: AEBetatik bi gutun jaso dituzte, adibidez.
Guztira 70 lan jaso dituzte eta parte-hartzaileen perfilari dagokionez, gutunen %70 emakumeek idatzitakoak dira eta adinaren batez bestekoa, berriz, 31 urtekoa da.
"Oso ondo idatzitakoak"
Unai Azkarate musikariak, Arrate Illaro bertsolariak, Jon Martin idazleak eta Ekhiñe Egiguren iazko irabazleak osatu dute epaimahai nagusia eta horiek erabaki dute, hain zuzen ere, Iratxe Esnaola donostiarrari lehen saria ematea; bigarrena, Iñigo Legorburu errenteriarrari; eta herriko gutun onenarena, Elene Etxaniz osintxuarrari.
Ekhiñe Egiguren epaimahaiko kideak gutunen maila azpimarratu du: "Aurkeztu diren gutunen artean oso ongi idatzitakoak irakurri ditugu eta oso ideia onak ere bai, originalak eta indartsuak: Porrotx pailazoari idatzitako gutuna, amona batek bere gaztetako amodioari idatzitakoa, euskara hizkuntza berari, euskara irakasleari, laneko ezkutuko amodioari... Ilusio eta abilezia handiarekin idatzitako lanak jaso dira eta plazera izan da guztiak irakurtzea".
"Indartsua eta distiratsua"
Sariak erabakitzeko orduan, aukeraketa ez dela erraza izan aurreratu du: "Ez da erraza izan aukeraketa egitea, baina, hala ere, lehen saria nahiko garbi genuen epaimahaikook, beste guztien artean gailentzen zen gutuna iruditu zaigulako. Gainontzeko sariekin egon da eztabaida handiagoa".
Hain zuzen, honela azaldu du gutun irabazleari zergatik eman dioten saria: "Benetan indartsua eta distiratsua da. Emakume batek bere klitoriari idatzitako amodio eskutitza da, emakume-masturbazioari oda. Originaltasuna azpimarragarria iruditu zaigu: bai hautatutako gaian, bai gutunaren hartzailea klitoria bera izanagatik eta baita idazmoldean ere. Oso ondo idatzia eta iradokitzailea da. Ahapaldi laburrak tartekatzen ditu, bertso tankera hartzen du batzuetan eta horrek erritmo berezia ematen dio, errimekin jokatuz eta metaforetara joaz. Emakumeen sexu askatasunaz ari da, norberaren plazeraz, baztertuta eta ezkutuan egon den errealitate batez. Gutunaren atzean gogoeta indartsua dago, ez da ariketa estilistiko soila. Ni, behintzat, horrek harrapatu nau. Eskutitz gogoangarria da, dudarik gabe, merezi du saria".
Aranzadi ikastolako eta Ipintza institutuko bina ikaslek osatutako epaimahai gazteak –Maddi Txintxurreta, Alazne Jauregi, Maria Martinez eta Ainhoa Muxika–, berriz, 26 urtetik beherakoei ematen dioten saria erabaki du, eta Tolosako Joana Alijostek bidalitako lanari eman diote.
Epaimahai gaztea: Txintxurreta, Jauregi, Martinez eta Muxika.
Sari ematea osailaren 14an
Sari banaketa ekitaldia San Valentin egunean, otsailaren 14an, egingo dute, ohi bezala. 19:00etan izango da, kultura etxeko ganbaran, eta hantxe ezagutuko ditugu lau gutun irabazleak, egileek eurek irakurrita.
Ekitaldia borobiltzeko, Azkaiter musikari bergararrak abesti batzuk joko ditu, eta, amaitzeko, luncha egongo da bertaratzen diren guztiendako.
"Klitori guztiei egindako omenaldia"Donostiarra da eta 29 urte ditu amodiozko gutunen lehiaketaren irabazle Iratxe Esnaolak. Lehenengoz hartu du parte eta oso pozik dago epaimahaiaren erabakiarekin. Harekin izan gara eta gutunaren gaineko xehetasun batzuk eman dizkigu. Nola hartu duzu saria? Oso pozik. Gutun hau atsegin handiz idatzi nuen, idatzi nahi nuen zerbait zen; hortaz, oso pozik hartu dut. Emakume batek bere klitoriari idazten dion gutuna da. Bai. Ni hipotetiko batek bere klitoriari idazten dio, baina nitasun hori funditzen da klitori guztiei egindako omenaldian. Espero zenuen irabaztea? Parte hartzen duenak beti espero ditu gauzak. Nik uste dut gutuna polita dela originala delako. Eta gero, ba, gutunean diodan bezala, gai hau beti, kasurik onenetan, tabuak edo isiltasunak inguratua egon da eta kasurik okerrenetan badakigu zer gertatzen zaion. Orduan, nik uste dut merezi zuela maitasun istorio bat, eta, beste aldetik, uste dut originala dela. Lehenengoz hatu duzu parte lehiaketan ala aurretik ere parte hartu izan duzu? Ez, ez dut sekula parte hartu eta deialdia ikusi nuenean animatu egin nintzen. Aurreko edizioetan parte hartutako gutun dezente irakurtzen aritu nintzen eta ikusi nuen apur bat nondik nora zihoazen eta nik ideia hau izan nuen, eta halaxe joan zen. |