Musika eta antzerkia, biak aurtengo 25. Aratuste kontzertuaren oinarri

Maider Arregi 2013ko otsailaren 8a

Musika, antzerkia eta mozorro festarako azken ukituak eta entseguekin buru-belarri harrapatu dugu Alfredo Gonzalez Chirlaque, Bergarako Orkestra Sinfonikoko eta Udal Bandako zuzendaria asteon. Aurtengoa, baina, oso berezia izango dela badaki. Izan ere, herriarendako jaio zen egitasmoak, urteen poderioz, sekulako indarra hartu du eta gaurkoan 25.a izango dute. Mokolo-endako ezinbesteko hitzordu bilakatu da Aratusteetako kontzertua. Gaur, 22:30ean pilotalekuak gainezka egingo du.

"Mozorro festari, Aratusteei, nolabait, hasiera emateko asmoz antolatu genuen 1988an; Lehenengoz, Musika eskolarekin batera egin genuen osoko bilkura aretoan eta 100 lagun batu ginen".

Egun baina, pilotalekua bete egiten da eta 900 lagun batzen direla azaldu digu. "Osokotik, Novedades aretora pasa ginen, eta handik Udal pilotalekura; iaz esaterako 900 lagun izan ginen, hunkigarria benetan", nabarmendu digu Gonzalez Chirlaquek. "Gure helburua beti izan da herriarendako kontzertua izatea eta herritarrek parte-hartzeko aukera zuzena izatea. Oso modu xumean hasi zen; eta pixkanaka handitzen joan da. Beti gai bat izan dugu; orain, 25 urteak batuko ditugu".

'Far West', ikuskizuna 2004. Argazkia: Benito Cantero.

'Felixin’ eta Pantera Arrosa

Orain dela 25 urte Igor Larrañaga taldeko kidea, Pantera Arrosaz mozorrotu zen. "Osoko bilkuran egin genuen lehen zuzenekoan Pantera Arrosaz mozorrotu zen Larrañaga; eta aurten ere mozorrotuko da. Une hori gogoratuko dugu izan ere jende askok ez daki nondik datorren emanaldi honen tradizioa".

Larrañagak, Felixi-n, izango du lagun, Inspector Clouseau-ren paperean sartuta. "Helburua barre egitea da eta ondo pasatzea, badakizu zenbat barre egin dugu honen kontura? gainera herriko jendea mozorrotuta ikustea eta zein den asmatzeak asko dibertitzen du ikuslea", azaldu digu Larrañagak.

Beste une berezi bat ere bada: "Orain 24 urte, bandako 3 neskatilak zirenak, emanaldia egin zuten; eta oraingoan ere eurak ikusiko ditugu eszenatokian, bat gainera haurdun dago, kuriosoa izango da", dio Chirlaquek.

Aritzeta abesbatza ere lagun izango dute Orkestra Sinfonikoak eta Udal Musika Bandak gaurkoan; 200 artista inguru ikusiko ditugu eszenatokian.

'Tiroleando' ikuskizuna, 1992, Novedades aretoan. Argazkia: Benito Cantero.

'Saturday night fever', ikuskizuna 2007. Argazkia: Benito Cantero.

25 urteren bilduma

Chirlaquerekin batera, Manu Diazek eta Jabi Burgosek egin dute gidoia. Hala, 25 urtetako une gogoangarrienak ekarriko dituzte gaurkoan.

ABBAren Mamma Mia dantzagarria edota Dancing Queen itsaskorra berriro entzuteko aukera izango da; Karibeko piraten abordajea edota lehen emanaldian protagonista izan zen Pantera Arrosa ikusiko ditugu agertoki gainean… eta nola ez, Venezia, Kuba edota Mexikorako bidaia gonbidapena ere egingo digute artista eta musikari bergararrek gaur 22:30etatik aurrera Bergarako Udal Pilotalekuan.

Piratak eta Hook kapitaina agertokian, 2006. Argazkia: Benito Cantero.

Partaideendako sekulako esperientzia da; izan ere, kontatu digute eurendako oso polita dela eta denetarik egitea tokatzen zaielako gaurko emanaldian: antzeztu, dantzatu, instrumentuak jo… oso emanaldi ikusgarria dela azpimarratu digute eta gaurkoa bereziki, ez dela atzean geratuko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak