Inguruko udal gehienetan jaso dituzte jakinarazpenak herriko banderarekin edota ikurrinarekin batera, Espainiako bandera ere jartzeko. Indarrean dagoen legea betetzera behartu dituzte udalak. Eta, horren ondotik, Eskoriatzako Udalak bezala, Bergarakoak ere erabaki du Espainiakoa bai, baina, harekin batera, Bergarako biztanle guztien jatorrizko herrialdeetako banderak ere jartzea eta, bestetik, ikurrina omentzeko ekitaldia egitea.
"Bergarako herritar guztien etxea izanik, jatorriz kanpotarrak diren bergararrek ere beren jaiotza-herrialdeetako bandera ere bertan ikusgai izateko eskubide osoa dutela irizten dio Udal honek". Halaxe dio bergarako Udalak.
Jesus Elortza Bergarako alkateak adierazi du 50 banderatik gora izango direla, jatorri ezberdinekoak, Bergaran. Neurri txikiko banderak eta egunero udaletxeko balkoian eta Osoko Bilkuren aretoan egongo dira, "leku preferentean", legeak hala agintzen baitu.
Herritarrei gonbita
Horrela, bada, Udalak gonbidapena luzatu die bergarar guztiei udaletxeko balkoian beren herrialdeko bandera "ikusgarri nahi badute, eskaera egiteko". Hiru modu daude eskaria egiteko:
- mailto:alkatetza@bergara.net helbidera e-postaz mezua idatzita.
- Udaleko harreran eskaria eginez.
- Bergarako Udalaren Facebook eta Twitter sare sozialetako kontuen bitartez.
Ikurrinari gorazarre
Era berean, "inposaketa salatzeko eta Udal honek bertoko sinbolo bakartzat onartzen duen ikurrinari gorazarre egiteko", omenaldia antolatu du Bergarako Udalak otsailaren 23rako. Omenaldi honetan, besteak beste, "inposaketaren aurkako manifestu" bat irakurriko da.
Azkenik, Bergarako Udalak herritarrak animatu nahi ditu "sententzia inposatzaile honen aurka beraien jarrera adieraztera eta herriko balkoietan ikurrina (edo beren jatorrizko herrialdeko bandera) ikusgarri" jartzera. Ikurrinak herriko hainbat okindegitan eskuratu ahalko dira datozen egunetan. Han jarriko dituzte salgai, etxeko balkoietan zintzilikatzeko.
Eskoriatzan ere bai
Eskoriatzako Udala Bergarakoaren trantze berean da eta han ere Bergaran orain egin nahi duten eran kudeatu dute gaia, Espainiako banderaz gain, herriko jatorri ezberdinekoenak ere ipiniz.
Eskoriatzan, gai honen harira, Beñat Herce alkateak jakinarazi zuen duela aste batzuk ez dakitela hartutako neurriak —Espainiakoarekin batera beste herrialde batzuetako banderak jartzea— legea betetzen duen edo ez, eta Espainiako Gobernuak erabaki horri alegazioak aurkeztu dizkiola.
Eskoriatzan, era berean, ikurrinari omenaldia egin zioten azaroaren 24an, gainerako bandera guztiak balkoiann jarri aurreko ekitaldian.