Jardunek antolatutako Amodiozko Gutunen lehiaketaren 21. edizioa amaitzear da. Lanak aurkezteko epea itxita, egunotan epaimahaia ari da lanean. Martitzen iluntzean elkartu zen epaimahai nagusia Bergarako kultura etxean. Unai Azkarate abeslari bergararrak, Arrate Illaro eta Jon Martin bertsolariek eta Ekhiñe Egiguren iazko irabazleak osatutako epaimahaia, hain zuzen. Bertan egon ziren baita ere, Jarduneko Maitane Arizabaleta eta lehiaketaren aurreneko ediziotik antolaketan aritu den Migel Angel Elkoroberezibar.
Ez dira nolanahikoak 21. edizio honen inguruko zifrak. 70 lan aurkeztu dira, iaz baino 5 gehiago. Gainera, %70a emakumezkoek idatziak dira, eta adinaren batezbestekoa, 31 urtetakoa da. Lurraldeka banatuta, Gipuzkoatik 49 eskutitz jaso dituzte, Bizkaitik 16, Arabatik 1 eta Nafarroatik 2. Bitxikeria moduan, Amerikako Estatu Batuetatik bi lan jaso dituztela. "Mugak gainditu ditugu beraz", Elkoroberezibarren berbetan.
Epaimahaiak guzti horietatik aukeratu behar ditu irabazleak. Lau sari banatuko dituzte. 1.go saria 500 eurotakoa izango da; 2. Saria 250 eurokoa; Bergarako lan onenari 150 euro emango diote eta 26 urte azpiko lan onenari beste 150 euro.
Atzo epaimahai nagusia batu bazen, gaur, eguaztena, epaimahai gaztearen txanda izango da. Hau Aranzadi ikastolako eta Ipintza institutuko bina ikaslek osatuta dago.
Sari banaketa berriz, datorren otsailaren 14an, San Balentin egunez egingo da. Arratsaldeko 7etan izango da, kultura etxeko ganbaran. Zuzeneko musika emanaldia ere egongo dela eman dute jakitera Jardunetik.
Irabazleen izenak, egubakoitzeko papereko Goienan emango ditugu jakitera.