Internet bidez ezingo dira erosi Pirritx, Porrotx eta Marimotsen emanaldietarako sarrerak

Arritxu Barruso 2013ko otsailaren 6a

Hasiera batean 'Barrabarra.eu' plataformaren bitartez numeratuta saltzea aurreikusten bazen ere, plataformak emandako arazo teknikoak direla eta sarrera guztiak 'ez numeratuak' izango dira eta kultura etxean erosi ahalko dira. Edonola ere, Bergarako Orkestraren Aratusteetako kontzerturako sarrera numeratuen online salmentak aktibo jarraitzen du 'Barrabarra.eu'-n, nahiz eta astelehen eta asteartean arazoak izan ziren ekitaldi honekin ere.

Otsailaren 9an Bergarako Udal Pilotalekuan egingo diren Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en bi emanaldietarako sarrerak Barrabarra.eu plataformaren bitartez numeratuta saltzea aurreikusita zegoen bi eratara: batetik, interesdun bakoitzak bere etxetik online erosteko moduan; bestetik, Kultur Etxeko lehiatilan bertan Barrabarra.eu plataforma baliatuta.

Hala ere, otsailaren 4an eta 5ean hainbat arazo tekniko eman ditu Barrabarra.eu plataformak, horregatik, erabiltzaile batzuek sarrerak etxeetatik online erosi ahal izan dituzten bitartean, Kultur Etxeko lehiatilara hurbildutakoek numeratu gabeko sarrera txartelak jaso zituzten. Hori dela eta, sarrerak beren etxeetatik erosi zituztenek ere, ez dute eserleku finkorik izango, nahiz eta beren sarrerek hala zehaztu.

Udalari dagokionez, barkamena eskatzen die kaltetutako herritarrei, nahiz eta arazo informatikoa Udalaz kanpokoa izan den, eta lasaitasun mezua igorri nahi die guztiei; baita otsailaren 9an lasaitaunez eta errespetuz hurbil daitezela eskatu ere.

Barrabarra.eu plataformaren kontratazioaz

Herritarren erosotasunaren bila, ekitaldi desberdinetarako sarrerak numeratuta erosteko aukera eskaintzeko eta, honela, takilan sortzen diren ilarak ekiditeko, Bergarako Udalak sarreren salmenta egiteko Barrabarra.eu plataforma kontratatu zuen, Euskal Herrian oso zabalduta dagoena. Otsailaren 4an eta 5ean ordea, Barrabarra.eu-ren sistemak ez zuen ongi funtzionatu eta hainbat arazo eman zituen.
Online plataforma honetako ordezkariek Bergarako Udalari adierazi diotenez "sistema kolapsatu egin zen blokeoa eraginda" eta "ezinezkoa izan zen sarreren erosketa burutzea".

Bergarako Udalak salmenta eguneraren aurretik hainbat froga burutu zituen plataforma honen funtzionamendua egokia zela frogatzeko eta Bergarako udal langileek salmenta mota hau egiteko beharrezko formakuntza jasoa zuten. Hala ere, salmenta egunean bertan, plataformak akatsa eman zuen.

Lehen esperientzia honen emaitza eskasa ikusita, aurrerago nola jokatu baloratuko du Udalak.
Edonola ere, Bergarako Orkestraren Aratusteetako kontzerturako sarrera numeratuen online salmentak aktibo jarraitzen du Barrabarra.eu-n, nahiz eta astelehen eta asteartean arazoak izan ziren ekitaldi honekin ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak