San Blas opilak bedeinkatuta, eztarriko minik ez

Arritxu Barruso 2013ko otsailaren 3a

San Blas eguna tradizio handiko eguna da gurean eta han eta hemen opilak bedeinkatzeko mezak egin dituzte gaur. Meza horiek nola ez, salda, txorizo eta ospakizunekin lagunduta etorri ziren. Bergarako Buruñao auzoan herritar dezente batu da gaur goizean opilak bedeinkatu, salda eta txorizoa jan eta dantza ikuskizuzaz gozatzeko. Elgetan ere meza egin dute San Blas eguna ospatzeko eta baita Arantzetako San Blas ermitan ere.

Bergaran, urtero moduan, giro ederra izan dute Buruñao auzoan. Jende dezente gerturatu da ermitara besteak beste, Jon Molina parrokoak opilak bedeinkatu zitzan. Egin beharrekoak eginda, ospakizunak etorri dira gero.

Aranzadi Ikastola-Moises Azpiazu taldeko neska mutikoek dantza ikuskizun benetan ederra eskaini dute. Ondo gaztetxoak ziren asko eta asko, baina lan bikaina egin dute guztiek; ikurrin dantzak eta agurrak sekulako txalo zaparrada jaso zuten. "Benetan hunkigarri da horrelako neska-mutiko gazteak euskal dantzak egiten ikustea. Gozatu egin dut", zioen bergarar batek. Dantzen osteko herri kirolek ere jende dezente erakarri dute.

Elgetan ere egun handia

San Blas eguna Elgetan ere oso errotuta dago eta bat baino gehiago izaten dira opilak bedeinkatzeko aukerak. Zapatu iluntzean esaterako herritar asko batu ziren herriko elizan eta gaur eguerdian ere talde polita elkartu da. Horrez gain, Arantzeta auzoko San Blas ermitan ere gaur goizean izan da opilak bedeikatzeko aukera.

Antzuolan Besalde auzoan

Antzuolan ere ospatu zuten San Blas eguna; kasu honetan atzo, zapatua. Besalde auzoko San Blas ermitan meza egin zuten eguerdian eta ondoren salda eta txorizoa banatu zuten. Trikitilarien laguntza izan zuten giroa berotzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak