Bergarako Txapa Irratiko Jar itzazu tapoiak, mesedez irratsaioko Txinbo, Kepa eta Raul buru-belarri dabiltza lanean, datorren otsailaren 22ko eta 23ko asteburuan egingo duten hardrock-punk jaialdia prestatzen, Tapoifest. Hain zuzen, hitzordua iritsi aurretik hiru saio izango dituzte irratian (21:00-22:00 artean), eta saio horiek Tapoifesterako gonbidatu dituzten taldeen berri emateko erabiliko dituzte: "Euren musika jarriko dugu, taldeko kideak elkarrizketatu... Asmoa da talde horiek apur bat ezagutaraztea".
Hiruko horrek iaz antolatu zuen lehenengoz Tapoifest, eta esperientzia ona izanda, aurten errepikatzea erabaki dute: "Inguru honetan musika estilo honek ez ditu horrenbeste jarraitzaile, eta halako jaialdiekin dugun hutsunea betetzera dator Tapoifest. Zarautz, Mutriku... Inguru horretan musika estilo honek zale gehiago ditu", adierazi digu Raulek.
Iaz bezala, aurtengo jaialdian ere belarrietarako tapoiak banatuko dituzte ikusleen artean, entzumenak babesteko: "Kontzertu guztiak agertoki txikian egingo ditugu. Egubakoitzeko sarrera 3 euro izango da, eta herriko DJak izango dira ondoren. Eta zapatu arratsaldeko kontzertuen artean iazko jaialdiko irudiak erakutsiko ditugu".
Hemen egitaraua:
- Otsailak 22, egubakoitza, 22:30: Managaitz (Zarautz), Hardflip (Bergara), HHD (Gipuzkoa eta Bizkaia) eta Kaosarenerasoak (Eibar-Soraluze).
- Otsailak 23, zapatua, 18:00: Lukas Prest (Eskoriatza) eta Layo Raser (Irun).
- Otsailak 23, zapatua, 22:30: Hernia (Zarautz), Humilitate (Zarautz) eta Perras Salvajes (Madril).