Aurtengo Aratusteetako egitaraua aurkeztu dute Bergaran eta otsailaren 7an, eguena, hasiko dira ospakizunekin.
Otsailak 7, eguena
Arratsaldeko 19:00etan ohitura zaharrei jarraituta, Sorgin dantza eskainiko du Xamatz taldeak Txistulari Bandaren laguntzarekin. Eta pintxo-pote eguna denez, herriko hainbat tabernek txerri hankak eta txerri belarriak eskainiko dituzte.
Otsailak 8, egubakoitza
Otsailaren 8an, egubakoitza, Bergarako Udal Musika Bandak eta Bergarako Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko dute Udal Pilotalekuan. Gainera, aurten 25 urte beteko ditu Aratusteetako kontzertuak.
Otsailak 9, zapatua
Zapatua, otsailaren 9a, izango da egun handia. Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek Sentitu, pentsatu, ekin ikuskizuna eskainiko dute Udal Pilotalekuan eta bi emanaldi egingo dituzte: 15:30ean eta 18:00etan.
18:30etan bonba japoniarrak egongo dira San Martin Agirre plazan eta ondoren erraldoi, kiliki eta buruhandien kalejira egingo da.
Zabalotegi aretoan, bestalde, 18:30ean hasita hiru orduko gaztetxoendako DJ mozorro jaialdia ospatuko da.
21:30ean mozorro guateke-afaria egingo da Orixondo azokan El Pozo Bergarako 70. hamarkadara itzultzeko. Jendeari eskatzen zaio 70. hamarkadako jantziak eramatea eta afal ondoren DJ-ekin animazioa izango da azokan. Afarirako txartelak salgai daude dagoeneko Depor tabernan, Ariznoan eta kultura etxean 15 euroren truke.
Festarekin jarraitzeko gaueko 23:00etan erromeria izango da San Martin Agirre plazan Eingo al deu taldearekin.
Zapatuan gainera, mozorro onena edo giro onena jartzen duen koadrila sarituko du Bedelkar merkatarien elkarteak. 260 euroko saria banatuko dute herriko taberna eta jatetxetan gastatzeko.
Otsailak 12, martitzena
Aratusteetako azken eguna otsailaren 12a izango da, martitzena. 16:15ean hasita karaokea eta Dj festa izango da San Martin Agirre plazan eta Musika Eskolako gazteek bandaren kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar.
Sarrerak zenbakituta; kultura etxean eta Interneten salgai
Aurtengo berrikuntza sarreren salmentan egongo da. Egubakoitzeko bandaren eta orkestra sinfonikoaren kontzerturako sarrerak eta zapatuko Pirritx, Porrotx eta Mari Motosen ekitaldirako sarrerak kultura etxean eta Internet bitartez salduko dira. Eta sarrera guztiak, gainera, zenbakituta joango dira.
Sarrerak Internet bidez erosteko bergara.net atarian sartu eta sarrerak online jarriko duen tokian klikatu beharko da. Bertan, barrabarraren bitartez salduko dira sarrerak. Kontzerturako sarrerak astelehenean 18:00etan jarriko dituzte salgai eta eguenera bitartean erosi ahalko dira. Pailazoen ikuskizunerako sarrerak, ostera, martitzenetik egubakoitzera egongo dira salgai. Sarrera guztiak aldez aurretik salduz gero, emanaldi egunean ez da leihatilarik irekiko bi kasuetan. Kontzerturako sarrerak 8 euro balio ditu eta pailazoetarako sarrerak 6 euro. Pertsona bakoitzak ezingo du sei sarrera baino gehiago hartu.
Aitor Marauri kartel lehiaketako irabazlea
Horixe da bada, 2013ko Aratusteetarako Bergaran prestatu duten egitaraua. Eta egitarau hori iragartzeko aurtengo kartel lehiaketako irabazlea Aitor Marauri Jauregi bergararra izan da; orijinaltasunagatik saritu dute bere lana.