Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Dagoeneko urteroko hitzordu bilakatzen ari da Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Aratusteetan Bergaran eskaintzen duten ikuskizuna. Aurten ere ez dute hutsik egingo. Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizuna aurkeztera etorriko dira zapatuan, hilak 9. Sarrera sei euro ordaindu behar da eta otsailaren 5etik aurrera eskuratu ahalko dira.
Bi bide daude horretarako. www.bergara.net helbidean erosi ahalko dira edo bestela kultura etxean (18:00etatik 21:00etara). Sarreraren bat saltzeke geldituko balitz zapatuan bertan pilotalekuko leihatila irekiko da 14:30ean.
Zapatu arratsaldean gero, Bonba Japoniarrak eta erraldoi, kiliki eta buruhandien kalejira egongo da. Gaztetxoenendako berriz, 18:30etik 21:30era Zabalotegin mozorro Dj jaialdia egongo da Dj Umbertorekin.
70eko hamarkadara buelta
Oxirondo azoka garai bateko Potzua diskoteka bilakatuko da zapatuan. Horixe da afarirako aurten aukeratutako gaia. Udalak herritarrei eskatu die 70eko hamarkadako jantziak eramatea. Sarrera 15 euro da eta mozorro onena sarituko da.
Aratusteekin amaitzeko martitzen arratsaldean karaoke eta Dj festa egongo da San Martin plazan eta baita Musika eskolako gazteen bandaren kalejira.
Aratusteetako kontzertuak 25 urte
Berezia izango da aurtengo Aratusteetako kontzertua; 25.a izango da eta horixe da hain justu ere taularatuko dutena. Antzezlana 25 urte hauetan kontzertuak egindako ibilbidearen errepasoa izango da. Osoko bilkuren aretoan egin zen lehena, Novedadesen hurrengo dozena bat eta pilotalekuan azkenak. Urte horietan kontzertuetan parte hartu duten herritar asko taula gainera itzuliko dira. Beti bezala sorpresaz betetako gaua izango dela iragarri dute.