Juanra Unamuno bergararra Aldeta musika talde berrian

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urtarrilaren 30a

Atzo aurkeztu zuten Donostiako Intxaurrondo auzoan Aldeta musika taldearen lehen diskoa, Txorien aberria izenekoa. Felipe Juaristi gaur egungo Euskadi Irratiko zuzendaria den poeta eta idazlea da taldeko abeslarietako bat eta letra gehienen egilea. Gitarra eta ahoko soinu jotzailea, ostera, bergarar bat: Juanra Unamuno.

Vomito taldeko kide bat ere bada taldean, Txitxo Lopez. Azkenik, Monika Reflojos Santa Zezilia korukoak jartzen du ahotsa kanta gehienetan. Musikarako eta berba musikatuekiko zaletasunak eta lauak Intxaurrondoko bizilagunak izateak batu ditu Aldetak.

"Amodiozko eta ez amodiozko" berbak oinarri hartuta, poesia eta lirika nahasten dituen "kantautore taldea" da Aldeta. Hamabi abestik osatzen dute Txorien aberria, Aldeta taldearen lehen disko "intimoa".

Atzo Donostiako Via Fora tabernan egindako aurkezpenean adierazi zutenez, "kantautoreen estiloa" dauka diskoak, "hitzak lantzea" gustuko dutelako, nahiz eta estilo hori gaur egun ez egon boladan. 

Juanra Unamuno CCOO sindikatuko kidea da. Bergararra izatez, urteak daroatza Intxaurrondon bizitzen. Txikitatik datorkio musikarako zaletasuna. Hark eta Txitxo Lopez Vomito punk taldeko kideak elkarrekin egindako abesti batzuei letrak jarri zizkien Felipe Juaristik eta halaxe sortu zen taldea. 12 abesti daude diskoan, erdiak euskaraz eta beste erdiak gaztelaniaz. Gehienak taldeenak dira, Juaristiren hitzekin, eta beste batzuk Lete edo Imanolenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak