Zer moduz joan da Bergaran egindako saioa?
Bergarako saioa oso arin eta txukun joan da; aurreko batzarretan baino jende apur bat gutxiagorekin (25 lagun inguru), baina ondo. Arrasatekoekin hitz egiteko aukera ere izan dut eta gustura azaldu dira; esan didatenez, 40 bat lagun batu dira eta herri proiektua martxan jartzeko gogoz azaldu dira.
Zein izan da lan dinamika?
Taldetan banatu gara, herrian (Udalean, kalean…) zer egiten dugun ondo eta zer gaizki aztertzeko, eta horiek hobetzeko aurrera begira ze erronka dugun hausnartzeko.
Ibai Redondo, Sortuko kidea.
Zertan hobetu beharra ikusten duzue?
Autokritika egin dugu eta arlo denetan ikusten dugu hobetzeko beharra. 10 urteko ilegalizazio aldi batetik gatoz, oso-oso gogorra izan den ilegalizazio aldi batetik, eta oskolan bilduta egon gara. Kanpora zabaltzeko beharra ikusten dugu eta, horretarako hainbat ahulezia ditugunez, horiek kontuan hartu eta erronka bihurtu behar ditugu. Oskolan bilduta egotetik kanpora ateratze horretan, adibidez, ikusten dugu askoz ere sare zabalagoak antolatu behar ditugula, bereziki kalea lantzeko. Eta uste dut zentzu horretan hurrengo urteak oso oparoak izan ahal direla, ilegalizazioa gaindituta, kalean aurpegia lasaiago eman ahal dugula denok…
Etengabe izan behar gara autokritikoak eta erronka oso garrantzitsua da garai berrietara egokitzea eta antolatzeko moduak zabaltzea eta malgutzea, bakoitzak eman dezakeenaren edo emateko prest dagoenaren arabera.
Asko hitz egin da baita ere herritarrekin harremana egiteko moduaz, nola egin harremana herritarrekin. Uste dut badugula balore bat –harreman zuzena, gertukoa eta humanoa– eta uste dut hori mantendu behar dela eta horretan jarraitu behar dugula; baina teknologia berriei dagokienean adibidez, oso ahul gaude erabilpenean eta garai berrietara egokitu behar gara, hor salto handia dugu egiteko.
Erabaki nagusiak militantziak hartzea lortu nahi duzue?
Bai. Orain arte nahiko egitura bertikala izan dugu eta ilegalizazio egoerak eraman gaitu erabakiak oso gune txikietan hartzera, baina argi eta garbi ikusten dugu erabakiak ahalik eta jende gehienarekin hartu behar direla. Horregatik, erabaki nagusiak herri batzarretan hartuko dira.
Talde hausnarketan.
Gaurkoaren ondotik, zein izango da hurrengo urratsa?
Nahiko finkatuta ditugu Sorturen oinarri ideologikoak, ze ildo politiko jarraituko dugun datozen urteetan eta zein antolaketa eredu nahi dugun. Orain datozen asteetan aukeratu beharko dugu herriz herri, herrialde mailan eta nazio mailan zeintzuk izango diren gure ordezkariak. Eta argi dugu baita ere herri proiektuetatik abiatu behar ditugula gure lana eta gure egunerokotasuna; orain arte Euskal Herri mailako lehentasun batzuk jartzen ziren eta herrietan horiek aurrera eramatera dedikatzen ginen, baina orain ikusten duguna da herri bakoitzak herri proiektu bat egin eta hortik abiatu behar duela bere lana.
Otsailaren 16an, erabakiko dugu zeintzuk izango diren gure ordezkariak; 23an, kongresua egingo dugu Iruñean; eta ostean, jarriko gara herri proiektuak garatzen, hurbildu zaigun jende berri horrekin Sortu martxan jartzen.
Nolako kongresua aurreikusten duzue 23rako?
Egun guztiko kongresua izango da, irudikatuko da Sortu martxan jarriko dugula eta ordezkariak berretsiko dira. 500 bat lagunek parte hartuko dute. Arratsaldean, festa egingo da, ospatzeko urte gogorrak igaro eta gero badugula tresna bat gure lana askoz hobeto egiteko.
Sortu abian jarrita, ze eragin izango du horrek Bildurengan eta EH Bildurengan?
Nik uste dut eragin positiboa izango duela. Bildu azkenean indar bilketa bat da, guk ere orain arte egin dugu gure ekarpentxoa, eta uste dut aurrerantzean hobeto antolatuta eta alderdi politiko legal bat izanda askoz ere ekarpen hobea egin dezakegula.