Aitor Ramirez eta Jon Arteaga: "Asier Baltzategi 'Balza' bergararrak irakatsi zigun diskoak jartzen, beti egon da guri laguntzeko prest"

Laida Beristain 2013ko urt. 26a, 01:00

Jon Arteaga eta Aitor Ramirez 25 urteko bi DJ bergarar dira. Arteagak Automatizazio eta Robotika Industriala eta Diseinu Fabrikazio Mekanikoa ikasi ditu. Ramirezek, berriz, Erizaintzako laguntza osagarriak ikasi zituen eta Eskoriatzako Fagor Ederlan Scoop enpresan egiten du lan.

Nolatan hasi zineten DJ lanetan?

Jon Arteaga: 2007an hasi ginen diskoak jartzen, lagunen artean mendian geneukan lokal batean, hasiera batean musika elektronikoa askorik gustatzen ez zitzaigun arren. Ziripot tabernan ibiltzen ginen garai hartan, eta han musika elektronikoa entzuten zen, gehienbat. Gainera, aste bukaeraro DJ festak antolatzen zituzten, eta, Bergarako beste DJ batzuk ezagutu ostean, diskoak jartzen ikasteko interesa piztu zitzaigun. 

Nola ikasi zenuen diskoak jartzen?

Aitor Ramirez: Zorte handia izan dugu orokorrean. Asier Baltzategi Balza bergararrak irakatsi zigun diskoak jartzen. Beti egon izan da guri laguntzeko eta gauzak irakasteko prest, beti eskertuko diogu gurekin izan duen jarrera. Guretzat erreferente bat da, sekulako pertsona, DJ itzela eta melomanoa! [Barre]

Noiz hasi zineten batera lanean?

J.A.: Hasieratik, batera hasi ginen diskoak jartzen, txiki-txikitatik oso lagunak gara eta beti ibiltzen ginen batera.

Zergatik batera eta ez bakarka?

J.A.: Batera diskoak jartzeak, nire ustez, behintzat, abantaila asko ditu. Ez dago gau osoa norbera bakarrik pintxatzen egon beharrik, eta gaua eramangarriagoa egiten da. Uste dut gehiago disfrutatzeko aukera ematen duela binaka lan egiteak.

A.R.: Ondo pasatzeko egiten dugun gauza bat da eta lagun batekin batera egitea beti da entretenigarriagoa. Bat diskoak jartzen ari den bitartean bestea dantzan edo hitz egiten egon daiteke.

Non ibiltzen zarete DJ lanetan?

A.R.: Normalean, Bergarako tabernetan ibiltzen gara. Gehienbat, Aldoka Maldoka eta Ziripot tabernetan, baina, noizean behin, herritik kanpo ere ibili izan gara: Azpeitia, Eibar, Elorrio...

Inauterietarako hitzordurik bai?

J.A.: Pare bat hitzordu ditugu konfirmatzeko Bergarako pare bat tabernatan. Asmoa betikoa da, jendeak musikarekin gozatzea.

Jendearen aldetik harrera ona izan ohi duzue?

A.R.: Hasieran, 4-5 lagun etortzen ziren gu ikustera, konpromiso moduan, baina poliki-poliki jendea gu ezagutzen joan da eta gaur egun ezin gara kexatu. Gainera, Kogollo Party Krew kolektiboaren barruan egoteak ere asko lagundu digu. Festetan diskoak jartzeko eta jendeak gure saioak entzuteko aukera eman digu. Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei, Brunnet eta Kogollokoei.

Zein musika mota jartzen duzue?

A.R.: Ni Deephouse eta tech-house estiloen artean ibiltzen naiz. Baina momentu bakoitzera egokitu behar da. After batean banago, adibidez, techno nahiko gogorra jartzea ere gustuko dut.

J.A.: Ni ere, normalean, estilo horien artean ibiltzen naiz, baina, normalean, Aitorrek baino musika lasaiagoa jartzen dut. Ahotsa duten abestiak ere oso gustuko ditut. 

Anekdota berezirik?

A.R.: Duela pare bat urte, emanaldi batera hilabete lehenago agertu ginen... [Barre] Ekipoa alokatu egin genuen eta han agertu ginen tabernan ekipo guztiarekin. Bietako bat egunarekin nahastu zen. Ile motza daukana... [Barre]

Beste zaletasunik baduzue?

J.A.: Betidanik gustatu izan zait saskibaloian jokatzea.

A.R.: Olioan margotzea eta autoak ditut gogoko. 

Zer egiten duzue denbora librean?

J.A.: Neskaren eta lagunen konpainiarekin disfrutatu.

A.R.: Margotzea eta Bergaran poteatzea asko gustatzen zait. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak