Bertako euskara lantzeko ikastaroak antolatu dituzue. Zergatik? Ez al dugu, ba, ondo erabiltzen?
Ez, ez da hori kontua, eta, gainera, garbi laga nahi nuke ez dela bergararron arazo bat, Bergaran gaizki egiten dela edo hemengo euskalkia besteak baino kaskarragoa dela… Ez, inondik inora ez. Hemengo euskara polita eta aberatsa da oso, eta, Bergaran, denetik dago. Primeran berba egiten duen jende asko dago, baina bestelakoa ere bai: arazoak dauzkana adierazi nahi duena egoki adierazteko, erraztasunik ez duena… azken batean, konfiantza falta duena. Bestalde, bistakoa da badirela egitura batzuk nahastu egiten ditugunak edota zuzen erabiltzen ez ditugunak, eta horiei erreparatuko diegu.
Zeintzuk dira ondo ez erabiltzearen arrazoiak?
Arrazoi asko egon daiteke, baina, bat azpimarratzekotan, ohitura falta azpimarratuko nuke nik. Jende asko dago euskaraz gutxi egin duena, batez ere gaztelaniaz jardun duena, lanean, lagunartean…
Eta zeintzuk dira akatsik ohikoenak?
Ohikoena ez dakit, baina ezagunena, seguruen, kalian ikusi dotsut izango da. Aspaldiko kontua da hori, etxean askotan entzun duguna. Aditzarekin lotutako akats nabarmen batzuk badaude; adibidez, egun, gazte jendeak, askotan, nahastu egiten ditu jau eta jaku aditzak, eta etorri jau esaten dute etorri jaku esan ordez, edota joango nintzan joango nintzake-ren ordez. Deklinabidearekin lotutakoak ere badira: zuria gabiz berbetan edo betiko bezela nabil…
Eta pentsatzen dut, kasu batzuetan, akatsetako batzuk hain ditugula barneratuta, konturatu ere ez gara egiten gaizki erabiltzen ari garenik.
Bai, hala da. Azken batean, hizkuntza-transmisioa ahoz egiten da, entzunaz, eta era batera entzuten baduzu, ba, horrela ikasiko duzu. Hala ere, askotan, gaizki dihardugula jakin arren, ez dugu zuzentzen, batzuetan, ez dakigulako zein den forma zuzena, eta, beste batzuetan, lotsa moduko bat ematen digulako forma zuzena lagunen aurrean erabiltzeak. Bitxia da, baina hala aitortu izan didate zenbait ikaslek: lagunen aurrean, nahiago dutela lagako notsan esan –gaizki dagoela jakinda–, lagako notsake esatea baino…
Hori guztia kontuan izanda, zer da ikastaroan irakatsiko duzuena?
Ikastaro motza da: 10 ordu dira. Baina hainbat arlo jorratuko ditugu; ez ditugu akatsak bakarrik landuko. Ahal den neurrian, hizkuntza aberasten ere saiatuko gara: gero eta gutxiago entzuten diren berbak eta esamoldeak ikasiko ditugu, hiztun onen grabazioak entzun eta aztertu… Ikasleek eskatutakoari ere erreparatuko diogu.
Nork eman dezake izena?
Bertako euskara landu nahi duen edozeinek. Euskaraz egiteko gaitasuna izatea da baldintza bakarra. Berdin dio euskalkian edo batuan. Ez dago zertan alfabetatuta egon edo euskaldun zaharra izan.
Eta non eman behar da?
Euskaltegian, Barrenkalean. Irizar jauregian gaude, goiz eta arratsaldez. Telefonoz deituta (943 76 44 53) edota berg.eusk@udal.gipuzkoa.net-era idatzita. Urtarrila amaitu aurretik, ahal dela.