Gaur, San Paulo Eguna, jaiak hasiko dira Uberan

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko urtarrilaren 25a

Herri bazkaria, meza, tortilla eta tarta lehiaketak eta musika emanaldiak egongo dira, besteak beste, gaurtik domekara bitartean.

San Paulo jaiak ospatuko dituzte asteburuan Ubera auzoan. Gaur, egubakoitza, hasi eta domekara bitartean zenbait ekitaldi egongo dira jaiak ahalik eta alaien ospatzeko. Gaur, San Paulo eguna, goizean hasiko dira ekitaldiak, 11:00etan egongo den mezarekin eta ondoren banatuko dituzten salda eta txistorrarekin. Dena den, ekitaldi nagusiak iluntzetik aurrera izango dira, 20:30ean Mari Justa eta Pedro Joxe auzora jaisten direnetik aurrera. Horren ondoren, 21:00etan, afaria egongo da auzoko elkartean trikitilariekin, eta afalostean photocall saioa egingo dute.

Zapatuan herri bazkaria

Zapatuan salda eta txistorra banatuko dituzte 12:00etan eta tortilla eta tarta lehiaketa ere egingo dituzte ordu berean. Etxetik prestatuta eraman behar dira eta lehenengoek saria jasoko dute. Eguerdian herri bazkaria egongo da eta nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Eta bazkalosterako, etxetik argazki zaharrak eramateko eskaria egin dute, guztien artean ikusteko.

Domekan diana joko dute Bergarako txistulariek 10:00etan, eta 10:30ean meza nagusia egongo da. 11:30ean Alai Taldeak kantaldia egingo du eta ondoren, Bergarako trikitilari gazteek. Gainera, salda eta txistorra ere egongo da bertaratzen diren guztiendako. Horrekin batera, Uberako IV. Ugarixo Tiroketa jokatuko da. 3 euro izango da izen-ematea eta lehenengo hirurek saria eskuratuko dute. Jaiei amaiera emateko ezustekoa ere egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak